Metodologia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Metodologia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017(e)ko urtarrilaren 16(a)

Zuk eta biok batera hobeto pentsatzen dugu

Bihar, urtarrilak 17, Bartzelonako UAB-ko GRAI (Grup de Reserca sobre Aprenentatge entre Iguals) taldeko Marta Flores Coll irakaslea izango dugu berriz Donostiako Berritzegunean "Binaka Arrazoitzen" mintegiko saio berezian.

Binaka arrazoitzen programa matematikako konpetentzia garatzeko sortua da eta berdinen arteko tutoretzan oinarritzen da, hau da, ikasleen bikoteek jarduera egituratuaren bidez ikasten dute. Batek, tutoreak, irakasteak ikasteko modu eraginkorra delako ikasten du eta besteak, tutoratuak, ikasten du ere, lagun tutorearen laguntza doitua jasotzen duelako eten gabe. Programak ikasleen arteko tutoretza eta familiena konbinatzen ditu.

Tutorea eta tutoratua problemak ebazten elkarrekin - jabea: GRAI

Iaz, ikasturte bukaeran berritzegunera gonbidatu genuen Marta Flores Coll, matematikako konpetentzia garatzeko (En)Raonem en parella programa aurkeztera eta Donostiako irakasle batzuk prest azaldu ziren proposamena aurrera eramateko euren ikastetxeetan. Horretarako mintegi bat antolatu genuen eta biharkoa, Flores irakasleak emango duena, mintegiko 5. saioa izango da. Aurreko lau saioetan, programa ezagutzen eta materialak ebaluatzen eta egokitzen aritu gara. Lan handia egin dugu bitarte horretan (euskarara itzultze lanak, tartean) ikasleek urtarriletik aurrera erabiliko dituzten materialak prest izateko. Lan horretan, lagun izan ditugu Irungo Berritzeguneko aholkulariak baita beren zonaldeko irakasleak ere.

Biharko, lan saio aberats bat proposatu digu Marta Floresek: ikasleen formakuntza, familien inplikazioa, bikoteak sortzeko prozesua, errubrikak eta autoebaluazioa era sortzaileaz erabiltzea, jarduerak sortzeko prozesua sustatzea... Den-dena, problemen ebazpenaren gaitasun matematikoa lortzen joateko.

Ikasten dugunaren berri ematen jarraituko dugu. Bitartean, informazio gehiago izan dezakezue "Cuadernos de pedagogia" aldizkariak argitaratu artikulu honetan:
Razonar en pareja (Cuadernos de pedagogia)

2016(e)ko maiatzaren 24(a)

Hizkuntza Proiektuari buruzko Mintegiaren amaiera


Donostiako Berritzegunean Hizkuntza Proiektuaren Mintegiaren azkeneko saioa (7.a) burutu eta gero hasieratik bukaeraino egindako ibilbideari begirada bat ematea nahitaezkoa da. Hortik doa segidan adierazten dena. 

Batez beste Hizkuntza Proiektua aztergai moduan izatean bospasei azpigai nagusi jorratu dira: 
-Ikastetxeko Koordinazioa (Partaideak-Arduradunak) 
-Diagnosia ( ikastetxe batek dituen informazio iturririk gehienak profitatuz) 
-Garapena (Helburuak zehazteko tresnak, Hizkuntzaren planteamendua) 
-Garapena (Plan Estrategikoa) 
-Baliabideak teknologi berrietan (Moodle), informazioa 
-Ikastetxeen esperientziak partekatu 

Prestakuntzaren ikuspegitik agian beste batzuen artean aspektu bat gailentzen da. Nola egin ikastetxe bakoitzak daraman hizkuntzekiko esperientziak bat egin dezala besteek daramatenarekin?. Hain zuzen ere hortxe dago koska ze gero Mintegiaren saioetan zehazten diren galderak zein atazak denei baliagarriak suertatu behar baitzaizkie. 

Beraz, emandako iradokizunak zein aholkuak alde batetik eta erabilitako tresnak zein baliabideak bestetik ildo horretatik zihoaz, hots, nolabaiteko kutsu orokorretik ikastetxe bakoitzean duen kutsu partikularrera abiatzeko ildotik. 

Gainerakoan ez da esan behar formakuntza honen partaide ororen arteko elkarreragina funtsezkoa suertatzen denik.

Saioaren amaieran, baliabide hornitzearen ildotik jarraituz, Mintegiaren aplikazioan (Moodle) Ignacio Vilaren hitzaldi bati ("Prácticas educativas en entornos plurilingües") buruzko bideoa aipatu eta ikusi zen oso gainetik. Interesgarria delakoan hemen ere txertatzen da. 


Minutu batzuen edukiak:
4:20- Inmigración y niveles educativos parecidos
8:50- Creciendo la diversidad
10:00-Los últimos 7 años, Plan Inclusión, interculturalidad, plurilingüismo
12.45-Competencia plurilingüe
14:40-Una lengua base
19:02-Incorporación tardía, aulas de acogida
23:00-Aprender una lengua....
24:30-Prácticas educativas y predominio lengua oral
27:00-Incorporación todas las lenguas
..................

Bukatzeko Hizkuntza Proiektuaren erronka honekin Mintegi honen bidez urrats bat eman dela esan genezake, aurrerantzean ere beste urrats batzuk faltako ez zaizkigula kontuan harturik. 

2016(e)ko maiatzaren 18(a)

Berdinen arteko tutoretza hizkuntzan eta, orain, matematikan

Urte batzuk daramatzagu Donostiako zonaldean Bikoteka Irakurtzen eta Idazten, berdinen arteko tutoretzan oinarritzen den programarekin eta urrats handiak eman dituzte hainbat eta hainbat ikastetxeetan.

Bikoteka irakurtzen cc-by-sa Berta Martinez

Programa martxan dutenentzat lagungarria da Berritzegunean sortutako Bikoteka Irakurtzen Donostia sitea, bertan eskuratu daitezkeelako programa aurrera eramateko behar diren materialak eta mintegian sortzen ditugun baliabideak partekatzeko aukera ematen digulako.

20tik gora ikastetxe izan dira 2011tik hona noiz edo noiz Bikoteka irakurtzen (eta idazten) mintegiko partaide, baina, badakigu beste hainbatek sarean jarritako materialei esker beren kabuz lantzen dutela.

Une honetan, berrikuntza batekin gatoz. Bikoteka Irakurtzen-en sortzaileek, berdinen arteko tutoretzan funtsa hartuta, matematika konpetentzia garatzeko beste programa bat diseinatu dute: Raonem en parella (Razonar en pareja). Eta, urtebeteko pilotajearen ondorioak eskura izanik, ikasleen problemen ebazpenerako eta arrazoinamendurako gaitasuna eta, are gehiago, matematikarako autokontzeptua asko hobetzen dela jakin dugu.

Gure berritzegunean, Donostiako ikastetxeetan Bikoteka Irakurtzen duen arrakasta ikusita, Matematikako konpetentzia garatzeko beste bide hau bultzatzea oso interesgarria iruditzen zaigu. Horregatik, programa ezagutzeko, Bartzelonako UAB-ko GRAI (Grup de Reserca sobre Aprenentatge entre Iguals) taldeko Marta Flores Coll irakaslea gonbidatu dugu.

Ikastaroa datorren asteartean, maiatzak 24, 9:30etik 12:30era izango da. Gaztelaniaz izango da. Informazio zehatza jakin nahi baduzue, hemen aurkituko:
http://g01.berritzeguneak.net/eu/actividades_detalle.php?codigo=1570G01C42

Eta izen ematea ondoko estekan egin dezakezue:
http://g01.berritzeguneak.net/eu/inscripcion.php?codigo=1570G01C42 

2016(e)ko apirilaren 15(a)

LHko 3. mailako barne-ebaluazio diagnostikoa: Zientzia eta Matematikarako konpetentziak



Apirilaren 14an, 9:00etatik 12:00ak arte, Donostiako Berritzeguneko areto nagusian, LHko 3. mailako egingo den ebaluazio diagnostikoari buruzko hirugarren, eta azken saioa burutu genuen. Aurreko asteetan Hizkuntza Komunikaziorako Konpetentziari buruzko bi saio, bata ingelesa arlorako eta beste bat gaztelaniazko eta euskarazko arloetarako egin ziren.


       Bi konpetentziak definitzeko IVEI-ISEI-tik osatu diren dokumentuak landu ditugu: 

Natur Zientzietan, bi egoera edo testuinguru landu ditugu:
1. Umeen alergiak.
2. Imanak.

Irakasleek, probak irakurri dituzte eta galdera batzuei jarraituz eta  beren zalantzak, iradokizunak eta proposamenak konpartitu ditugu.

Imanen froga aztertzeko, aretoan bertan galderen esperimentazioa egiterik zegoen, hau da, imanek dituzten ezaugarriak eta propietateak ikusgai jarri dira, nolabait ikasleekin egin behar zen moduan.

Bi egoerak zuzentzeko adierazpenak eman eta probatu dira.

Natur Zientzietarako ere, egoera berri bat aurkeztu da, adibide moduan irakasleak beraien ebaluazio ereduan txertatzeko: Zentzumenak


Gero matematikaren egoera bat aurkeztu da: "Eskolako lasterketa"
 Irakasleen zalantzak eta iradokizunak partekatu ditugu eta bukatzeko proba zuzendu dugu.

 Saioan erabili zen aurkezpena, esteka honetan eskura dago.


2016(e)ko otsailaren 12(a)

"Ezagutu Amara Berri eskola bertara joanez" Jardunaldiak


AMARA BERRI ikastetxeak,  HIK Hasik antolaturiko Jardunaldian parte hartuko du.
Jardunaldiak eskoletako Hezkuntza-proiektu erreferentzialak ezagutu arazteko helburuarekin antolatuta daude eta Amara Berri ezagutzeko aukera otsailaren 26an eta 27an egongo da, eskolan bertan ospatuko bait dira jardunaldiak.

PROGRAMAZIOA

OTSAILAREN 26an, ostirala, 18:00-20:30
Aurkezpen orokorra:
-35 urteko ibilbidea
-Hezkuntza Proiektua
-Ezaugarri metodologikoak
-Amara Berri Sarea

OTSAILAREN 27AN, LARUNBATA, 9:30-13:30
Gaikako Ibilbidea:
-Haur Hezkuntza
-Hizkuntzen Trataera (euskara, gaztelania eta inglesa)
-Matematika eta Zientzia (eskola aktibotik konpetentziara)
-Hedabideak eskolan: telebista, egunkaria, intternet...

MAHAI INGURUA
-Aurrera begira: zailtasunak, aukerak, erronkak

2015(e)ko irailaren 24(a)

Ebaluazioa ikastearen zerbitzuan

Dolors Quinquer, Bartzelonako UAB-eko irakaslea cc-by-sa Donostiako Berritzegunea
Dolors Quinquer gurekin izateko atsegina izan dugu Berritzegunean. Zonaldeko irakasleekin konpartitu dugu ebaluazioaren inguruan ekarritako perlaz betetako hitzaldia:
"Nolakoa da zure libreta? Nolakoa da eskolan erabiltzen duzuen nota-koadernoa? Zerk agintzen du zutabe horietan?
"Benetan eskatzen ari zarenaren inguruan ikasleari ematen diozun mezurik argiena, ebaluatzeko moduarekin egiten duzu"
"Ebaluazioa ikas dezaten erabiltzea da kontua. Ebaluazio baliagarria interesatzen zaigu"
"Zeintzuk diren ezagutza-giltzarriak eta zeintzuk ezagutza-apaingarriak garbi bereiztuz egin dezagun programazioa eta ebaluatu dezagun"
Era horretako gogoetak tartekatuz (plater gustagarri batean usain-belar zipriztinak bailiran), joan da aletzen sekuentzia didaktikoaren faseetan egin behar den ebaluazio lana.

Azaldu, transmititu, animatu eta konbentzitu nahi gaitu Quinquerek. Hain garbi ikusten du irakastea zer den, non ez baita konformatzen ideiak botatzearekin. Ideia horiek gureak egin ditzagun nahi du. Eta horretarako eskaini dizkigu tresnak, materialak eta ereduak. Baina ez nolanahiko materialak eta ereduak, ikasgelako jardunean diseinatuta eta ikasgelan jorratutakoak baizik.

Azalpenaren bukaeran, kezkez eta zailtasunez hitz egiteko aukera izan dugu eta argigarriak eta pizgarriak izan dira Dolors Quinqueren ekarpenak. Maistra bat da, zalantzarik gabe.

2015(e)ko ekainaren 23(a)

Ikaskuntza Kooperatiboa. Ibilbide pedagogkikoa Sto Tomas Lizeoan

Ikasturte honetako apirilaren 20an, Ikaskuntza kooperatiboaren inguruko ibilbide pedagogikoa antolatu genuen gure eskualdean.

Ibilbide pedagogikoa, irakasleen lanbide garapena laguntzen duen jarduera da eta eskualdean garatzen ari diren proiektuen ezagutza sakona izaten laguntzen du. Badira urte batzuk formula hau Donostiako Berritzeguneko eskualdean erabiltzen hasi ginela eta hainbat ikastetxek antolatu dituzte honez gero beraien proiektuen azalpenak. Ibilbidean, eskualdeko ikastetxeetako 20-25 irakasle, koordinatzaile. zuzendaritza taldekidek hartzen dute parte eta proiektua garatzen ari den ikastetxean bertan garatzen da jarduera: proiektuaren nondik norakoa, testuinguruaren ezaugarriak, emandako pausoak, egindako aurrerapena eta izandako zailtasunen gainditzea azaltzen dira. Ondoren, ikasgeletan ikusten da proiektuaren zati baten gauzatzea eta azkenik, ikusitakoaren inguruko tertulia egiten da.




Ikaskuntza kooperatiboari buruzko Ibilbide Pedagogikoa Santo Tomas Lizeoan egin genuen. Bertan, Zuzendaritzako Iñaki, Olatz eta Amaiak proiektuaren markoa eta nondik norakoak azaldu zizkiguten. da eta honako alderdi hauek dira azpimarragarriak:
  • Lehen Hezkuntza osoan garatzen ari diren proiektua da eta Ikasleen inklusioa du oinarri
  • Irakasleek osatzen duten Talde eragileak dinamizatzen du proiektuaren diseinua, garapena eta jarraipena.
  • Talde eragileko lau partaidek Donostiako Berritzeguneko Ikaskuntza Kooperatiboa mintegian hartzen dute parte.
      Gela guztietan garatzen den kooperazio ikuspegi
      Egitura kooperatiboak: arkatzak erdira, lau jakintsuak, bait-bi-lau, 

      honen honako fase hauek landu dira:

      1- Kohesio dinamikak: gelako partaideen ezagutza, aniztasunaren onarpena, errespetua, konfiantza...lantzeko. Tutoretza Planean sartzen dira.

      2.- Egitura kooperatiboak: gelako lanak egiterakoan erabiltzen direnak eta guztien presentzia, partaidetza, ahotsa, iritzia, lekua, protagonismoa eta lorpena garatzeko: "arkatzak erdira", "orri birakaria", "Bat-bi lau"...

      3.- "Talde Plana" osatzen du talde bakoitzak, non helburuak (Denok ikasiko dugu eta elkarlagunduz ikasiko dugu), partaide bakoitzaren ardura kolektiboa (koordinatzaileak, material arduraduna, laguntzailea, bozeramalea) eta norberaren ardurak... formulatzen diren. Talde plana aldika ebaluatu egiten da, ebaluazioaren helburua gehiagoa ikastea izanik. (Rubrika, Taldearen karpeta...)

        Geletan ikusitako gaien praktika, hau izan zen: - LH1: "Letra zopa". Egitura: "txanda birakaria". Garbiñe Ezkurdia irakaslea.

        - LH2: "Ordua lantzen". Egitura: Arkatzak erdira eta "guztiak bat". Ainhoa Agirre.

        - LH3: " Airea eta bizidunak". Egitura: "Irakurketa partekatua", "Iritziak erdira", "3 minutuko geldiunea" eta "1-2-4") Lurdes Urruzola.

        - LH4: "Elkartasun jokoak". Kohesio dinamikak. Maite Errasti.

        - LH6: "Programa de radio". Egiturak: "Lectura individual con lápices al centro" Amaia Alberdi.

        - LH6: "Talde Plan berria egiten". Egitura: Helburuak, rolak eta konpromisoak, "1-2-4" eta ·Erabakiak hartzen". Kristina Peña

        Ibilbide pedagogikoaren azken jarduera bezala, irakasleen arteko tertulia egin genuen:



        - Zer ikusi dugu geletan?
        - Zer pentsatu dugu?
        - Zein galdera egin dizkiogu gure buruari?

        Irakasleen egindako lana baloratzeko "mantel birakaria" egitura erabiliz, partekatu genituen Ikaskuntza kooperatiboaren markoa eta praktikaren inguruko alderdi interesgarriak eta planteatzen dizkigun erronka.

        Ibilbide pedagogikoa, Irakasleek ikasteko modu baliagarria dela ikusi genuen partaide guztiak. Mila esker Sto Tomaseko irakasle eta zuzendaritzari!!!

        2015(e)ko ekainaren 22(a)

        Proiektuka lan eginez, Lauaizeta Institutuan


        Ikasturte honetan Lauaizeta BHIko irakasle taldeak proiektuka lan egiteko metodologiari erabiltzeari ekin dio.

        Badira urte batzuk institutu honetako irakasleek ikasleen partaidetza aktiboa sustazen dutela hainbat bide bultzatuz: ikaskuntza kooperatiboa lantzeko egiturak martxan jarriz, talde lanean arituz, tresna digitalen erabilera orokortuz, komunikazio gaitasunak landuz...


        Hezkuntza proiektuan azaltzen den bezala, Lauaizeta BHIk hainbat 
        helburu nagusi mahaigaineratu ditu:

        - Ikasleengan, norberaren heziketa helburuak finkatzea eta garatzeko interesa eta zaletasuna bultzatzea, bere ahalmena, ezaugarri eta interesak kontutan izanik

        - Talde lan, erantzukizun , analisia ahalmenerako, etabarreko gaitasuna garatzen lagunduko duen irakasleriaren jokaera eredugarria indartzea

        - Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan erabiltzen diren metodoek ikasleen partaidetza eta jakinmina bultza dezatela indartzea.

         . 
        Proiektuta arituz ikasteko ikuspegi honi buruz lanean hasi baino lehen kontutan hartu beharreko ezaugarriak landu genituen:
        - Ikasleek zuzendutako eta ikasleengan oinarritutako ikaskuntza da
        - Fase anitzak ditu: hasiera, garapena, itxiera. aurkezpena...
        - Edukiak esanguratsuak dira eta errealitatearekin lotuak daude
        - Ikerketa prozesuen bidez lantzen da eta currciculuma eta oinarrizko konpetentziekin lotuta dago,
        - Talde lana du oinarrietako bat eta lanaren ondorengo ekoizpen jakin bat dago...
        - Entzule erreal bati azalduko zaiona
        - Ebaluazioa eta autoebaluazioa tartean delarik



         Ondoren, proiektuka lan egiteko pausoak landu genituen:
        - Proiektuaren gaia/ardatza erabaki (ikasleekin batera hobe)
        - Curriculumaren helburuak eta edukiak identifikatu. Konpetentziak kontutan hartuz.
        - Jarduera interesgarri batekin hasiz...
        - Ikasleek bere ikas asmoak eta desirak formulatu, hitz gakoak jasoz
        - Azken ekoizpena zein izango de eta nola azalduko den erabaki.
        - Ikerketa eta planifikazio fasea, garapen fasea eta azalpen+ebaluazio fasea kotitan hartu
        - Ikaste lorpenak proiektuaren hasieran formulatu eta partekatu (rubrika edo txantiloia erabiliz agian)
        - Lagun kritikoen ikuspegia erabiliz egindako lanen alderatzea eta errebisioa eginez joan
        - Azalpen publikoa egin, ikasitakoari buruzko hasunarketarekin bukatuz.



         Guzti hau, irakasleen  talde lanean jorratu zen, praktikan garatzen ari diren proiektuak eta atazak mahaigaineratuz eta eztabaidatuz. Zein onurak ditu honela lan egiteak ikasleentzat eta irakasleentzat?

        Autonomia, motibazioa sormena eta elkarlana garatzeko ikuspegi aproposa bezala ikusi zen. Aniztasuna kontutaz hartuz, harremanak eta giroa zaintzeko lan egiteko modu eraginkorra. 

        Proiektuka lanean aritzearen ikuspegia eta atazaka aritzearenak zerikusi haundia dute. Leioako BGko Pilar Etxeberriak argitaratutako "ataza" dokumentua erabilgarria egin zitzaigun, azken ekoizpen testuen dokumentua bezala: Eremu soziolingüistikoko ekoizpenak eta zientzia-teknologia eremukoak.



         
        Lauazieta BHIko pasilo, sarrera eta geletan ikasleak ikerketa lanetan ikusten ditugu: Natur Zientziak, Euskera, Plastika, Matematika, Gizarte Zientziak, Teknologian... azalpenak egiten, argudioak garatzen, tresna digitalak erabiltzen , proiektuak asmatzen, sormena lantzen...

        Bide eraginkorra izango delakoan gaude!

        2015(e)ko urtarrilaren 21(a)

        Bikoteka irakurtzen: dena prest

        Urte batzuk daramatza Bikoteka irakurtzen  programak gure artean eta gero eta ikastetxe gehiagotara zabaltzen ari da. Une honetan bederatzi ikastetxeetako ordezkariak ditugu mintegian, baina 2011tik hona, hogeita bat ikastetxeetako irakasleekin aritu gara lanean.

        Bikoteka lanean
          
        Bikoteka irakurtzen parekoen arteko tutoretza (peer tutoring) lankidetzako ikaskuntza metodoan oinarritzen den programa da. Ikasle bikoteak osatzen dira, rolak (tutorea eta tutoratua) banatzen dira eta irakurketa saioak egiten dira helburu komun bat ardatz hartuta: irakurmena hobetzea.

        Interakzio gidoi bat abiaburu hartuta, bikoteko bi kideek ikasi egiten dute: tutoratuak, kide duen tutore horrengandik laguntza egokitua eta etengabea jasotzen duelako; eta tutoreak, irakastea ikasbiderik hoberenetarikoa delako.

        2014-15eko mintegiko partaideak orain hasi dira irakurketa saioak egiten ikasgeletan. Hori baino lehenago, lehenengo hiruhilekoan, programa ezagutzen, ikasleak prestatzen eta hasierako ebaluazioak egiten aritu dira eta, dagoeneko, ikasle bikoteak eginak dituzte. Beraz, dena prest binaka irakurtzen hasteko.

        Bikoteka irakurtzen-en, edo eta Donostiako berritzegunean egiten ari garen lanaren inguruan gehiago jakin nahi baduzu, hemen dituzu materialak.

        2015(e)ko urtarrilaren 10(a)

        Ikaskuntza Zerbitzua Proiektuak: ikasteko modu alternatibo bat?

        Donostiako Berritzegunea Ikaskuntza Zerbitzu Proiektuen gaia lantzen aritu gara azken ikasturteetan zehar. Hain zuzen ere 11-12 eta 12-13 ikasturteetan, beste Hezkuntza Laguntza Zerbitzuekin batera (Valenciako CEFIRE, ´Hospitalet eko Servei Educatiu , Cantabriako CEP), Dos Mares izeneko Proiektuan hartu genuen parte MEC-eko ARCE markoaren barruan Ikaskuntza Zerbiztuari buruzko hainbat lan burutuz. Tartean, "Ikaskuntza-Zerbitzu Proiektuei aholku emateko gidaliburua" osatu eta argitaratu dugu 2014 urtean. Gaztelerazko Gida ere ikusgai dago: "Guía para el Asesoramiento de proyectos de Aprendizaje Servicio"


        Aholkularitza Gida honetan, Ikaskuntza
        Zerbitzuaren kontzeptua, osagaiak,
        baldintzak, eremuak eta ikaskuntzen
        inguruan aritu gara, eta ikastetxeetan 
        aurkitu daitezkeen bost egoeren 
        inguruan antolatu dugu aholkularitza:



        1- Ikaskuntza-Zerbitzuari buruzko informazioa eta hedapena
        2- Heziketa-Jardunbide egokien identifikazioa
        3- Proiektu batean laguntzea
        4- Ikaskuntza-Zerbitzua ikastetxearen proiektua
        5- proiektuaren ebaluazioan laguntzea



        2014(e)ko azaroaren 24(a)

        "La mecánica del Caracol " Euskadi Irratia Harri Berri Oletan

        "La mecánica del caracol" (2014-2015)
                  Harri Berri Oleta ikastetxean 31/10/2014
        El programa se desplaza al colegio donostiarra Harri Berri Oleta para, con la ayuda de Manu Hernández,  experimentar con su alumnado y también compartir con ell@s y el profesorado  sus proyectos de ciencias.
        Euskadi Irratiak "La mecánica del caracol" programaren bidez ikastetxean zientzia proiektuak  nola lantzen diren azaltzen digu eta lehen hezkuntzako 3. mailako ikasleekin egindako  hainbat esperimentu ere.

        Manu Hernándezek dion bezala ikasleek esperimentu arrunten bidez zientzia ikasten dute. Jolasaren bidezko ikasketa, zientzia esperimentuak jokuen bidez.

        2014(e)ko uztailaren 4(a)

        KONTSULTORE mintegian ANIZTASUNAri erantzuteko esperientziak

        2013-2014 ikasturtean ere KONTSULTORE  mintegia aurrera eraman dugu BG01ean.

        Bertan,  besteak beste, ANIZTASUNAri erantzuteko estrategia metodologikoen praktiken adibideak jaso ditugu.
        Horietako zenbait esperientzia jaso ditugu eta zuen eskura jartzea izan dugu helburu.
         Ikusi, ikasi eta gaiari heldu nahi izatera bertan dituzue argibideak.




        §         AMASSORRAIN. Zentzumenak lantzen
        http://prezi.com/pxchlxi8jhc-/hezagutuz-mundura-zabaldu/Zentzumenak lantzen esperientzia

        Programa honen helburua da, ikasleek beren burua hobeto ezagutu dezatela  zentzumenen bidez eta euren barne oreka lortzearen bidez. Horretarako ariketa erlaxagarriak ezagutu eta lantzea. Hau eginez besteekiko dituzten harremanak hobetuko dituztelakoan.

        Ikasturte hasieran, tutoreak behatutako ikasleen arteko harreman desorekatuak medio. Bai elkar hitz egiteko moduak, elkar fisikoki erlazionatzeko bai eta norbere egoera emozional zailak ikusita laguntza taldera bideratu zigun bere kezka.

        Ardatza erlaxazio ariketetan dago oinarrituta zeintzuk kurtso osoan zehar goizeko lehen ordua aprobetxatuz eramaten diren aurrera norbere barne oreka hobetze aldera.

        Ardatz honi jarraikiz kurtsoan zehar, tutoretza saioak erabiliz hamabost egunero 1 gutxi gora behera, gure 5 zentzumenak lantzeko saioak bideratzen dira. Saio hauek oso zehaztuta eta bideratuta daude Prezi aurkezpenaren bidez.

        Funtsean, programa honen helburua da gure harremanak hobetzeko behar beharrezkoak diren gure zentzumenak  ezagutzea. Ikusmena, entzumena, ukimena, usaimena eta dastamena bai eta gure barne oreka lortzea.

        Saioen ebaluaketa burutu ostean oso esperientzia baliogarritzat jo dute. Eragile guztiek ikusi dizkiote onurak: ikasleek, tutoreak eta aholkulariak. Gelako giroa lasaitu da eta lan giro hobea somatu dute.

        §         ARANTZAZUKO AMA IKASTOLA. Ikaslaguna 
              http://kafetartea.com/2014/04/01/ikaslaguna/Ikaslaguna esperientzia

        Kurtso hasieran bikoteak egiten dira: “zahar” bakoitzari “gazte” bat dagokio eta ikasturtean zehar ekintzak burutzen dituzte elkarrekin. Ikasle zaharrena bestearen tutorea eta laguntzailea izango da.
        Bikote harreman hauekin elkar ezagutzea eta ikasleen artean elkar eragitea bilatzen dute.
        Kurtso hasieran bikotekidearen aurkezpena egiten da, eta kurtsoan zehar, jaialdi, ekitaldietan… edo proiektu baten barruan elkarrekin egin beharreko lanak (euskararen eguna, liburuaren eguna…) burutzen dituzte.
        Nolabait ere haundiak txikientzako erreferentzia bihurtzen dira eskola barruan eta eskolatik kanpo ere. 
        §         IGELDO . Zinema proiektua. http://igeldoeskola.blogspot.com.es/search/label/ZinemaZinema Zinema esperientzia

        Proiektuka lan egiteak aprendizaiaren ikuspegi eraikitzailea bultzattzen du.  Elkarreragina eta kooperazioa testuinguru esanguratsuetan aurrera eramaten da, jakintza arloen globalizaioa  ardatz izanik ( hizkuntza, plastika, musika, irteerak…). Hizkuntzaren ikuspegi komunikatiboa, hizkuntza ekintzak burutzeko tresnak izaten delarik. Ikasle, irakasle eta gurasoen harremanak estutu dira.
        Esperientziaren nondik norakoak hauek dira:
        - Lauko taldeak osatu (1.zikloko 2 ikasle//2.zikloko 1 ikasle//3. zikloko 1 ikasle)
        Zinema gaiaren barruan “Umore saioa “ prestatu  txisteak kontatuz.
        -1.saioa: Irakasleak txiste batzuek taldeari aurkeztu Taldekideek bina txiste irakurri eta aukeratu ondoren, batak besteari letra txukun eta irakurterrazean kopiatu-besteei eman ikas zezaten.
        Hemen,  oraindik irakurtzen hain ondo ez zekitenek, irakurtzen zekitenen laguntza jasotzen zuten eta idazten hain ondo ez zekitenek edo hizkia hobetu behar zutenek besteen laguntza zuten.
        -2.saioa:. Txistea ikasita ekarri.Pertsonaien banaketa egin, entsegatu eta antzeztu. Atrezzoa eta jantziak prestatu eta grabaketari ekin.  Horrela hizkuntza, trebetasuna eta interpretazioa landuz .
         Irakasleak muntaia prestatu eta “Umore saioa” izan zen azken emaitza. Saio hau eskolak proiektuaren amaieran antolatu zuen zinemaldian aurkeztu zen. 




        2014(e)ko maiatzaren 28(a)

        Zientzia-hezkuntza proiektuak Gipuzkoan zehar

                       Zientzia-hezkuntza proiektuak  2006-07 ikasturtetik garatzen ari dira, hasieran LH eta DBH etapetarako ziren, eta ikasturte honetan HH eta LH etapetan egin dira.

                       Maiatzaren 19an, Eureka Museoan, Gipuzkoako 11 ikastetxek proiektuaren garapena eta ikasleekin egindako jarduerak eta esperientziak aurkeztu zituzten.

                     Proiektuen koordinatzaileak Berritzegune nagusiko Luis Zaballos eta Carlos Garcia aholkulariek webgunea osatu dute zientzia-hezkuntza lantzeko baliabide eta proposamenez beterik.




        Webgunean, goizeko jardunaldi horretan Gipuzkoako ikastetxeetako aurkezpenak ikusterik dituzue.      


        2013(e)ko urriaren 18(a)

        13-14 "Ikaskuntza kooperatiboa gelan" Mintegiaren hasiera

        Elkarrekin ikasi...
        Urriaren 21ean hasiko dugu Donostiako Berritzegunean "Ikaskuntza kooperatiboa gelan" mintegia.

        Arratsaldeko 15:00etan hasiko gara Areto Haundian Donostiako Ikastetxeetako 36 irakasle.

        Sarrera egin ondoren, bi lan taldetan banatuko gara. Hasiera fasean dauden ikasetetxeak eta orokortze faseko ikastetxeak.




        Hemen aurkituko dugu mintegiko plataforma irekia: markoa, baliabideak, erreferentziak... Orri hau mintegian eta ikastetxeetan erabili daitekeen erreferentzia da.

        Hauek dira mintegiko helburuak:

        - Ikaskuntza kooperatiboa, konpetentziak garatzeko metodologia ezagutu, sakondu eta gelaratu..
        - Ikaskuntza kooperatiboaren jarduerak diseinatu, kontrastatu eta baloratu.
        - Ikastetxeko dinamizazio estrategiak aztertu ,proposatu eta baloratu.
        - Irakaslearen konpetenziak areagotu. Koordinatzailearen konpetentziak garatu.



        13-14 mintegi DATAK: 

        Urriak 21
        Azaroak 18
        Abenduak 16
        Urtarrilak 27  2014
        Otsailak 17    2014
        Martxoak 17  2014
        Maiatzak 12   2014






        13-14ko partaideak: 
         Orokortze fasean:
        * Sto Tomas

        Hasiera fasean:
        * Ibai


        2013(e)ko ekainaren 6(a)

        IKASI KOOPERATUZ/ KOOPERATZEN IKASI HASTAPEN MINTEGIA


        Aurtengo ikasturtean hastapen mintegia antolatu da, Ikaskuntza Kooperatiboa proiektuan hasi diren ikastetxe berrientzat. Bertan zazpi saio egin dira. Partaideen ilusioak, gogoak eta inplikazioak busti du egindako bidea. Parte hartu duten ikastetxeak Santo Tomas lizeoa, Ekintza ikastola, Igeldo herri eskola, Summa Aldapeta eta San Ignacio de Loyola ikastetxeak izan dira.


         Ikaskuntza kooperatiboaren marko teorikoa, talde kohesioa, talde lana baliabide bezala eta baita ere talde lana edukin gisa  ezagutzeko, aplikatzeko eta konpartitzeko gunea izan dugu.

        VICeko unibertsitateko Pere Pujolas eta José Ramón Lago adituen hitzaldietan ere parte hartzeko aukera izan dugu.

        Maiatzaren 10ean, Gipuzkoako Berriztapen jardunaldietan “IK/KI eskola inklusiborako bidea eraikiz” mahai inguruaren ondorioak entzun eta gero, indar berrituak sentitu gara hurrengo ikasturtean gure ikastetxeetan abian duguna elikatzen jarraitzeko.