proiektuak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
proiektuak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016(e)ko maiatzaren 24(a)

Hizkuntza Proiektuari buruzko Mintegiaren amaiera


Donostiako Berritzegunean Hizkuntza Proiektuaren Mintegiaren azkeneko saioa (7.a) burutu eta gero hasieratik bukaeraino egindako ibilbideari begirada bat ematea nahitaezkoa da. Hortik doa segidan adierazten dena. 

Batez beste Hizkuntza Proiektua aztergai moduan izatean bospasei azpigai nagusi jorratu dira: 
-Ikastetxeko Koordinazioa (Partaideak-Arduradunak) 
-Diagnosia ( ikastetxe batek dituen informazio iturririk gehienak profitatuz) 
-Garapena (Helburuak zehazteko tresnak, Hizkuntzaren planteamendua) 
-Garapena (Plan Estrategikoa) 
-Baliabideak teknologi berrietan (Moodle), informazioa 
-Ikastetxeen esperientziak partekatu 

Prestakuntzaren ikuspegitik agian beste batzuen artean aspektu bat gailentzen da. Nola egin ikastetxe bakoitzak daraman hizkuntzekiko esperientziak bat egin dezala besteek daramatenarekin?. Hain zuzen ere hortxe dago koska ze gero Mintegiaren saioetan zehazten diren galderak zein atazak denei baliagarriak suertatu behar baitzaizkie. 

Beraz, emandako iradokizunak zein aholkuak alde batetik eta erabilitako tresnak zein baliabideak bestetik ildo horretatik zihoaz, hots, nolabaiteko kutsu orokorretik ikastetxe bakoitzean duen kutsu partikularrera abiatzeko ildotik. 

Gainerakoan ez da esan behar formakuntza honen partaide ororen arteko elkarreragina funtsezkoa suertatzen denik.

Saioaren amaieran, baliabide hornitzearen ildotik jarraituz, Mintegiaren aplikazioan (Moodle) Ignacio Vilaren hitzaldi bati ("Prácticas educativas en entornos plurilingües") buruzko bideoa aipatu eta ikusi zen oso gainetik. Interesgarria delakoan hemen ere txertatzen da. 


Minutu batzuen edukiak:
4:20- Inmigración y niveles educativos parecidos
8:50- Creciendo la diversidad
10:00-Los últimos 7 años, Plan Inclusión, interculturalidad, plurilingüismo
12.45-Competencia plurilingüe
14:40-Una lengua base
19:02-Incorporación tardía, aulas de acogida
23:00-Aprender una lengua....
24:30-Prácticas educativas y predominio lengua oral
27:00-Incorporación todas las lenguas
..................

Bukatzeko Hizkuntza Proiektuaren erronka honekin Mintegi honen bidez urrats bat eman dela esan genezake, aurrerantzean ere beste urrats batzuk faltako ez zaizkigula kontuan harturik. 

2016(e)ko maiatzaren 18(a)

Jakintza Ikastola auzoko bizitza hobetzen

Proiektu ederra egin dute Jakintza Ikastolan eskola eta auzoaren arteko erlazioa sustatzeko. Jakintza Ikastola (ikasleak, irakasleak, langileak eta gurasoak), Tabakalerako hezkuntza taldea eta Antiguako auzokideen arteko elkarlanaren bidez garatu dute.

Tabakalerako kultur proiektuen prozesuan kokatzen da ekimena. Hezkuntza komunitate eta Elkarteekin programan, hain zuzen ere. Azken urteetan “Haurren Hiria” bezalako esperientziei esker, hirigintza, hiritarren parte hartzea, eskola eta hezkuntza kontzeptuak modu zabalago batean ulertzen dira eta espazio publikoa, hezkuntza proiektuak garatzeko testuinguru eta lanerako espazio bilakatu da, eraldaketa sozialerako aukerak eskainiz.

Jakintzako ikasleak beren gustuko txokoak planoan adierazten   cc-by-sa Tabakalera

Abiapuntua honako hau izan da:
Nolakoak dira gure eskolako eta inguruko espazio publikoak? Nola eraldatu eskola eta auzoaren arteko erlazioa? Helburua, hiria, hezkuntza eta praktika kolaboratiboak bultzatzea eskolako espazioetan eta auzoan.

Eta lehenengo deialdi honetan Jakintza Ikastolak aurkeztutako proiektua izan da aukeratua. Egitasmoa Erregezain eta Heriz kaleak lotzen dituen pasabidea biziberritzearen desiotik sortzen da. Toki berezia da, bai ikastolako ikasleek eta bai bizilagunek erabiltzen dutelako. Leku atseginagoa bihurtzeko helburuarekin, gustuko dituzten auzoko toki batzuk esploratzen aritu dira, pasabiderako proposamenak eta ideiak jasotzeko. Ondoren, eraldaketa denon artean diseinatu eta garatu dute kultur-trukerako espazio bat sortuz.

Horrekin guztiarekin, auzoa eta eskolaren arteko harremanak estutu nahi dituzte, eskola auzora ateraz eta auzoko txoko batzuk “eskola” bihurtuz. Ikastolatik auzora! Pasabide berriaren irekiera ekainaren 3an izango da, arratsaldeko 17:00etan

Jarraian,  ikus eta entzun dezakezue protagonistek beraiek kontatutakoa.


Jakintza Ikastola: Hiria, hezkuntza eta praktika kolaboratiboak from Tabakalera on Vimeo.

2016(e)ko otsailaren 22(a)

Zuhaizti HLHI: Mediateka


Zuhaiztiko aholkulari erreferente naizenez, gaur eskolako mediateka bisitatzeko eta Margarekin, bertako arduradunarekin hiztegiteko aukera izan dut.
Dakizuenez Zuhaiztiren metodologia proiektu lanean oinarritzen da eta Mediateka ere testuinguru horretan kokatzen da, ikasleek proiektu baten informazio eta dokumentazio fasean Mediatekara jotzen dute baina  jarduera eta ekimen gehiago egiten dira ere.

Mediatekaren liburutegia
Mediatekaren ipuin kontaketa eta ikusteko gunea

Mediateka irekita dago eguerditan eta eskolak bukatu ondoren arratsaldeko 17:30 arte eta bertan ikasleak eta gurasoak egon daitezke lanean edota irakurtzen. Gurasoek ere bere txokoa dute, liburuekin eta prestamo zerbitzuarekin ere, Mediateka Zuhaizti hezkuntza komunitatearen benetazko bilgune bihurtuz.

Eskola orduetan talde guztiak pasatzen dira mediatekatik eta bere ordutegian islatzen da, irakasle batekin edo mediatekako arduradunarekin joaten dira eta han ataza desberdinak garatzen ari diren proiektuaren barruan burutzen dituzte.
Joan zen ikasturtean zehar 663 ikasle talde pasatu ziren eskola ordutegian, 5.880 ikasle eguerdian eta 1.996 arratsaldean!!!!

Eguneroko funtzionamendutik aparte zenbait ekintza antolatzen dira ere ikasturtean zehar, irakurketaren zaletasuna bultzatzeko helburuarekin: 

LIBURUTEGIAREN EGUNA
LIBRUAREN ASTEA: Apirilean eta liburuaren eguna ospakizunekin batera . Hainbat idazle, ipuinlari etortzen dira eta ikasleek beraiek kontaketa maratoia, kamishibai ipuinak eta beste liburutegiekin ere ekintzak elkartrukatzen dira.

IPUINAREN TXOKOA
MALETA BIDAIARIAK: Haur Hezkuntzako irakasleekin koordinaturik familia artean irakurketa sustatzeko materialekin zortzi maleta prestatzen direlarik.
LEHIAKETAK

Ikasleen parte hartzea ez da bakarrik mugatzen liburutegiaren "bezero" gisa, baizik ikasleek ere mediatekaren mantenu eta kudeaketa lanean ere aritzen dira bolondres gisa.

Ikasturte hoentan mediatekaren proiektu bikain honen "spin off" gisa beste ekimen berri batean dabiltza: 5.mailako eta 1. mailako berdinen arteko tutoretza hain zuzen. momentuz bi talde ari dira eta momentuz oso balorazio ona egiten ari dira. 

Zoriondu besterik ez zait geratzen.

2015(e)ko uztailaren 10(a)

IKASKUNTZA ZERBITZUA PROIEKTUA THE ENGLISH SCHOOLen

Badira urte batzuk The English School eta Lamorous Zentroa
elkarrekin lanean ari direla. Hasieran, Ikastetxeko ikasle-irakasleek Zaharren egoitzara joaten hasi ziren bisita egitera eta Eguberrietan Musika kontzertua ematera.

Berehala konturatu ziren irakasleek eta Egoitzaren arduradunek jarduera horri beste buelta bat emanez, proiektu aberatsa garatu zitekeela.

Eta pentsatu eta egin, azken sei-zazpi urte hauetan proiektu hau benetako Ikaskuntza Zerbitzu proiektua bihurtzen joan da.

Ikasturte honetan, Ikastetxeko zuzendaria den Beatriz Cortes, eta LH 5eko irakasleak diren Martin Valencia eta Itsaso Garmendiak garatu duten proiektuaz aritu gara. Ikastetxeak eta Zaharren egoitzan antolaturiko jarduerak elkar ezagutu eta elkarrekin gauzak egiteko aitzakia bat direla badakite eta Gaztelera, Euskara eta Plastika arloetan aritu dira lanean.
Generazioen arteko elkar ezagutza bultzatzea eta sustatzea helburua izanik, hasierako jarduera inkesta bat egitea izan zen. Gaztelera arloan, inkesta baten helburuak zein diren, nola osatu, nolako galderak... landu zuten eta taldeka, hainbat inkesta prestatu zituzten neska-mutilek. Gurasoek ere lagundu zieten etxean, hartara hiru belaunaldi lotuz: haurrak, gurasoak eta aiton-amonak. Nolakoa zen gurasoen bizitza eta aiton-amonen bizitza 10 urterekin? Zer egiten zuten jolasteko? Zein ziren kantu abestuenak?...

Egoitzan elkartuz, elkarrizketa garatu zuten. Irakasleak bai esan ere: "Gidoitik ateratzea komeni da: benetako elkarrizketa ez da bakarrik inkesta bat. Pertsonak ezagutzeko, bizimoduak ezagutzeko.... balio du"

Ikasleek rol aktiboa hartu zuten. denak ziren nor tartean zuten jarduera garatzeko. Eta elkarrizketa egin ondoren, testua osatu eta gelaren aurrean azaldu zuten, benetako erreportariak bezala. Beraiek aitortua, konturatu omen ziren pertsona guztiak izan direla haur...beraiek orain diren bezala. Beste begirada bat aurkitu zuten.

Bigarren jarduera, Eguberritako dekorazio partekatua izan zen: Plastika arloan, Zaharren egoitza apaintzeko elementuak egin zituzten. Asmatu, burutu... "Aizu...lan hori ez dago eramateko moduan, hobeto egin beharko duzu" zion ikasle batek besteari... Benetako lana zenez, kalitatea zaintzea ere merezi zuen...Motibazioa ere erreala zen. Lanak bazuen helburu jakin eta partekatu bat.

Egoitzako biztanle guztiek harrera ona egin zieten ikasleei eta elkarrekin aritu ziren egoitza apaintzen. Irakasleek ere zerbait deskubritu zuten: aurreko elkarrizketarekin lortutako konfidantzan oinarrituta, ikasleek rol aktiboa zuten egin beharreko lanean, agureekin hitz egiterakoan, apaingarriak non jarri erabakitzerakoan, lana gidatzerakoak, lana egiterakoan... Agureek egoitza osoa erakutsi zieten bisitari ospetsuak bailiran.

Apaingarrien ostean hiru kanta ere kantatu zituzten eta agureek eskolara bisita bueltatu zietenean, honako jarduera hauek antolatuak zituzten: Eguzki sistemaren azalpena, Ipuin motzen kontaketa, ikasleek egindako bideoarne azalpena...Talde interaktiboak etageberazioren artekoak.

Azkenik, "Pintxo-pintxo" ekitaldia prestatu zuten ikasleek  Lamorous Egoitzan, eta bertako biztanleekin batera ospatu zuten urteko   Ikasleek Lan-taldeetan antolaturik, erosketak egitera joan ziren, zerrendan adostutako gaiak erostera, aurrekontu jakin batekin. Talde bakoitzak bere pintxo hotzaren espezialitatea prestatu zuen Zaharren egoitzan eta bost mahai antolatu zituzten pintxo guztiekin. Zer ikasi zuten? Egingo zutena planifikatzen, prestatuko zuten pintxoa adosten, osagaiak zerrendatzen, aurrekontura egokitzen, pintxoa sukaldatzen, aurkezten eta ospatzen.

" Mano Viva" edo "Esku Bizia"  proiektu bat ere badute ikastetxean, Ikaskuntza Zerbitzua Proiektuak garatze bidean ari bait da ikastetxea. Ikasleek ikasten dutenarekin komunitateari zerbitzu erreala emanez.

2015(e)ko apirilaren 22(a)

Liburuaren Nazioarteko Eguna-Día Internacional del Libro

Hilaren 23an, Cervantes nahiz Shakespeare paregabeko idazleen heriotzari omenaldia egiten, ospatzen da Liburuaren Nazioarteko Eguna (Día Internacional del Libro). Egia esan, liburua baino gehiago Irakurketa Eguna zelebratzen da. Hau entzun orduko irakurketa hitzak duen eskolarekiko konnotaziorik ezin da baztertu. Beraz, hezkuntza esparruak egun honetan zoriontsu egon beharko luke eta nonnahi liburuari zein irakurmenari tarte handi bat eskaini beharko litzaieke. Animatu zaitezte bada eta bai liburuak bai irakurketak protagonista bihurtu egunean zehar.



Egun honek ere berri bitxiak dakartza. Bi aukeratu ditut aipamen gisan. Lehenengoa Tabakalerakoa da eta berarekin batera garai honetan dagoen ekimen baten informazioa: bookcrossing delakoarena. Bestea, nola ez, 2014 urteko Cervantes Saria irabazi zuen idazlearena, Juan Goytisolorena: berak idatzitako bi liburu -argitaratugabekoak- Cervantes Institutuak (argazkian, obrak gordetzen diren tokia eta idazle bera) ezagutaraziko ditu idazleak ehun urte betetzen dituenean, hots, 2031ko urtarrilaren 5ean. Ordurarte badaukagu denbora asmatzeko liburu ezezagun horiek zertaz joango diren eta eskola ariketa -proiektu bat- ere egiteko: Juan Goytisolo bezalako idazle batek zer idatz dezake etorkizunean, 2031. urtean, guk irakur dezagun?. Eta proiektuari jarraituz, zergaitik ez zabaldu galdera bera guk hobeto ezagutzen ditugun idazle multzora edo eskolan lantzen ditugun idazle taldera?. Zer idatziko du Bernardo Atxagak etorkizunean?, eta Javier Mariasek?, eta beste batzuek?. 

2015(e)ko apirilaren 11(a)

Ikaskuntza kooperatiboa Bigarren Hezkuntzan: "La profesora de Historia" filma

Donostiako Giza Eskubideen XIII. Zinemaldia, 2015ko apirilaren 17-24 tartean ospatuko da.

Atal desberdinetan antolatu dira filma eta ekitadiak. Tartean, "Hezkuntza eta Ikaskuntza Kooperatiboa". Eta atal honetan "La profesora de Historia" filma kokatzen da. Apirilaren 18an, larunbata, Victoria Eugenia Antzokian 22.30etan izango da.

Ikasleak motibatzea, erronka haundi bat da:


"Hezkuntza-sistema metodo berriak erabiltzen ari gara informazioaren eta ezagutzaren gizartearen eskaerei erantzuteko. Langabezia, lana aurkitzeko itxaropen eza eta eskola uztea egneroko kontua diren ingurune batean ikaslea motibatzea da eta hezkuntza sistemaren erronketato bat"



Ikastetxe asko saiatzen ari dira gazteen eta haurren gaitasunak elkarlaneko proiektuen bitartez suspertzen. Taldearen kohesioaren, enpatiaren, esperimentazioaren eta banakako eta taldekako praktikaren bidez, ikuspegi anitzetatik gaiak aztertzen laguntzen duten esfortzuek, gaitasunek eta trebetasunek bat egiten dute hezkuntza modu honetan. Aldi berea, kultur anistasunaren eta izaera kritikoaren onurak azpimarratzen saiatzen dira.



Egin dezakegun proiektu batetan pentsatu dut... dio Anne Gueguen irakasleak, Bere ikasleen arazoetaz arduratzen den Institutoko historia irakaslea da. Aurten, urtero bezala, Annek gela zaila dauka. Haien materialismoak eta gogo-ezak zapuztuta, ikastxeen arteko nazio-mailako lehiaketa batean parte hartzeko erronka botatzen die. Bertan, nazien kontzentrazio-esparru batean haur edo nerabe izateak esan nahi zuenari buruzko lan bat egin behar dute. Annek bere energia eta sormen guztia erabiliko duikasleen arreta erakartzeko eta haiek motibatzeko. Muga-eguna iristen ari den neurrian, gazteak besteengana irekitzen eta euren buruan sinesten hasten dira. Proiektu honekikasle horien bizitzak aldatuko ditu.





2015(e)ko urtarrilaren 10(a)

Ikaskuntza Zerbitzua Proiektuak: ikasteko modu alternatibo bat?

Donostiako Berritzegunea Ikaskuntza Zerbitzu Proiektuen gaia lantzen aritu gara azken ikasturteetan zehar. Hain zuzen ere 11-12 eta 12-13 ikasturteetan, beste Hezkuntza Laguntza Zerbitzuekin batera (Valenciako CEFIRE, ´Hospitalet eko Servei Educatiu , Cantabriako CEP), Dos Mares izeneko Proiektuan hartu genuen parte MEC-eko ARCE markoaren barruan Ikaskuntza Zerbiztuari buruzko hainbat lan burutuz. Tartean, "Ikaskuntza-Zerbitzu Proiektuei aholku emateko gidaliburua" osatu eta argitaratu dugu 2014 urtean. Gaztelerazko Gida ere ikusgai dago: "Guía para el Asesoramiento de proyectos de Aprendizaje Servicio"


Aholkularitza Gida honetan, Ikaskuntza
Zerbitzuaren kontzeptua, osagaiak,
baldintzak, eremuak eta ikaskuntzen
inguruan aritu gara, eta ikastetxeetan 
aurkitu daitezkeen bost egoeren 
inguruan antolatu dugu aholkularitza:



1- Ikaskuntza-Zerbitzuari buruzko informazioa eta hedapena
2- Heziketa-Jardunbide egokien identifikazioa
3- Proiektu batean laguntzea
4- Ikaskuntza-Zerbitzua ikastetxearen proiektua
5- proiektuaren ebaluazioan laguntzea



2014(e)ko otsailaren 27(a)

SENTITU, ADIERAZI, AURKITU ETA HAZI



SENTITU, ADIERAZI, AURKITU ETA HAZI.
Haur Hezkuntzako Proiektua Summa-Aldapetan

Proiektu honen helburu nagusia sormena bultzatzea eta garatzea da.  Ikasle guztien beharrei balio izan eta erantzungo dien espazioan haurren autoestimua sendotzea, gozatzea, eta sormena bultzatzea.
Gelako ikasleak elkarrekin lanean arituz, irakasleak proposatu, kontrolatu eta epaitu gabe,  norberaren garapenean bete behar dituen urrats naturalak bizi ditzan aukera emanez.
Espazio honetako bi tailerretan ikasleak elkarrekin nola sortzen duten ikusteko aukera izango dugu martxoaren 6an Summa-Aldapeta ikastetxean.


2013(e)ko azaroaren 25(a)

Gelarako 2.0 aplikazioak Gizarte Zientzietan





Aurreko azaroaren 13an, Donostiako Berritzegunean, Gizarte Zientziak eta mundu digitalari buruzko lan saio bat izan genuen.

Gizarte Zientzietan ikas sekuentziak eta proiektuak gero eta gehiago erabiltzen dituzte irakasleek, errealitatea ezagutu, aztertu eta lantzeko metodologia aproposak direlako.




BHko Gizarte Zientzietan (Historia, Geografía...) 

erabiltzen diren tresna eta aplikazio digitalen
ezagutza eta praktika genituen saioaren helburu,

Esteka honetan aurkituko duzu saio honetan erabilitako erreferentzia multzoa: Saretik paseatuz izenekoa. Ana Basterra. Leioako Berritzeguneko aholkulari izan genuen lagun ibilbide honetan



                                                                   Eta parada hauek egin genituen:

  • Komunikabideak: Munduko egunkariak, irratiak, telebistak
  • Bisita birtualak
  • Mapak
  • Jokuak
  • Konpartitzeko lekuak: SlideShare, ISSUU, Youtube eta Vimeo
  • Historia digitala egiteko: PhotoPeach
  • Abatar bat egiteko: Voki
  • Kartel digitala: Eduglogster, Kortxo digitala: Padle

2013(e)ko ekainaren 3(a)

Zientzia-hezkuntza ekimena Hego Intxaurrondo Ikastetxean

      Ikasturte honetan, Hego Intxaurrondo  Ikastetxean, Zientzia-hezkuntza ekimena edo proiektua garatu dute LHko ikasleekin. Proiektua aurrera eramateko zuzendaritzaren inplikazioa eta irakasleen lana ezin bestekoak izan dira proiektuaren arrakastarako.
       Ikasleak oso pozik daude proiektu honen bidez gai zientifikoak lantzeko era praktikoan, kontestualizatua eta esanguratsua aukera izan dutelako, beraiek aprendizaien protagonistak izanik.

      Ikusgai dago ikasleekin egindako bideoa ondoko loturan:

https://sites.google.com/site/zientziahezkuntzaekimena/helbide-interesgarriak


2013(e)ko apirilaren 15(a)

“INTXAURRONDO HEGOA” IKASTETXEAN IKUSI ETA IKASI GENUENA


Aste Santuko oporrak hartu baino lehen, martxoaren 21ean, programatuta zegoen bezala, Donostiako ikastetxe batzuetako irakasle eta Berritzeguneko aholkulari batzuk ere, Intxaurrondo Hegoa ikastetxean izan ginen ikasturtero lantzen duten gai kulturalen berri jasotzeko.

Gure sorpresarako, ikastetxeko 2., 3., 4., 5. eta 6. mailetako ikasle batzuek gai kulturalari buruz hitz egin ziguten: historia, nola aukeratzen duten, zer egiten duten, zer eduki lantzen dituzten eta abar. Txandakatuz eta IKTak erabiliz egin ziguten aurkezpena, Pili Lasalle Ikasketa Buruak gidatuta. Azalpena, “Zinema” gaiarekin apaindutako gela batean izan zen, “Karramarro uhartea” filmari buruzkoa, hain zuzen ere.



Ikasleen azalpena bukatu eta gero, ikastetxean zehar ibilaldia egin genuen. Horrela, film konkretu batzuekin lotutako gelak ikusi genituen baita, pasilloetan, maila guztietako zenbait ikasleen ekoizpenak ere: horma-irudiak, liburuxkak, esku-lanak eta abar. Aldi berean, ikastetxeko areto nagusian, etengabeko zine-saioak ikusteko aukera izan genuen: goi mailetako ikasleek egindako “filmazio-motzak”. Batzuek aktorekin eta beste batzuek “marrazki bizidunak” (Stopmotion teknika erabiliz egindakoak). Guraso batzuk han zeuden, beraien seme-alaben “produkzioez” gozatzen.


Bisita egiten ari ginen bitartean, aipatutako Ikasketa Buruak eta beste irakasle batzuek landutako gaiei buruzko alderdi curricularrak eta besteak komentatu zizkiguten. Benetan lan bikaina urtero egiten dutena Intxaurrondo Hegoan!!!!!

2013(e)ko martxoaren 5(a)

"PENTSATOKIA" MARIAREN BIHOTZA IKASTOLA

Ibilbide Pedagogikoen bigarren mugarria izan genuen otsailaren 25ean eta 28an Mariaren Bihotza ikastolan. “Pentsatoki, arrazoinamendu bidean” esperientzia zazpi ikastetxeko zortzi partaideek ezagutzeko eta konpartitzeko aukera paregabea izan zen.

Proiektua koordinatzen duten koordinatzaileek, bertako ikasleek eta zuzendariak Pentsatokiaren berri eman ziguten.

Matematika arloa aitzaki, problemen ebazpenean eta logika arrazoinamenduan oinarrituta talde elkarreragileen metodologia erabiliz oinarrizko hezkuntzan garatu beharreko zenbat gaitasun lantzen dituztela nabari gelditu zen.

Hala nola, ahozko komunikazioa, elkarrizketa dialogikoa, adosteko eta elkar ulertzeko gaitasuna, ulermena, idazmena, autonomia, elkarri laguntzea, entzutea… Matematika arloa lantzeaz gain Ikasten Ikasi gaitasuna garatzeko eta aniztasunari erantzuteko metodologia interesgarria.

2013(e)ko otsailaren 28(a)

Ikastetxeetako esperientziak: INTXAURRONDO HEGOAKO “GAI KULTURALA: ZINEMA”

Esperientzia honetan Donostiako Intxaurrondo Hegoa ikastetxeak ikasturtero lantzen duten gai kulturalen berri eskaintzen digu.
Ikasturteroko esperientzia hau aurrera eramateko, epe konkretu batean ikastetxeko gela guztiek gai berbera landu, nahiz eta eduki desberdinak tratatu, eta “azken xede” komuna betetzen dute. Prozesuak dituen pausoak hauek dira:

- Ikasleek egiten dute gaiaren aukeraketa (bi fasetan): sentsibilizazioa eta aukeraketa bera, azken xedea aipatuz.

- Hautatutako gaiari buruzko irakasleen formazioa eta ziklo eta maila bakoitzean egingo diren jardueren zehaztapena, alderdi curricularrak zehaztuz (konpetentziak, edukiak…)

- Planifikatutakoa egitea.

- Bukatzeko, jarritako azken xedea bete. Xede hau ziklo eta maila guztiak elkartzen dituen jarduera orokorra burutzea da: merkataritza bat egin, denontzako jolasak, ahozko aurkezpenak, erakusketak, dantzak, tailerrak…

Modu honetan, “gai kultural” asko landu dituzte azken ikasturteetan: “Munduko kirolak”, “Migrazioak”, “Margolariak”, “Zientzia eta zientzalariak”... Ikasturte honetan “Zinema” lantzen ari dira eta azken xedea martxoaren 18-22 astean beteko dute. Beraz, konkretuki martxoaren 21ean, ostegunean, arratsaldeko hiruretan, ikastetxean bertan esperientzia hau ikusteko aukera izango dugu.

Parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea: http://g01.berritzeguneak.net/eu/actividades_detalle.php?codigo=IBILALDIA%204

Gehiago jakin nahi baduzu, egin klik hemen