2015(e)ko irailaren 24(a)

Ebaluazioa ikastearen zerbitzuan

Dolors Quinquer, Bartzelonako UAB-eko irakaslea cc-by-sa Donostiako Berritzegunea
Dolors Quinquer gurekin izateko atsegina izan dugu Berritzegunean. Zonaldeko irakasleekin konpartitu dugu ebaluazioaren inguruan ekarritako perlaz betetako hitzaldia:
"Nolakoa da zure libreta? Nolakoa da eskolan erabiltzen duzuen nota-koadernoa? Zerk agintzen du zutabe horietan?
"Benetan eskatzen ari zarenaren inguruan ikasleari ematen diozun mezurik argiena, ebaluatzeko moduarekin egiten duzu"
"Ebaluazioa ikas dezaten erabiltzea da kontua. Ebaluazio baliagarria interesatzen zaigu"
"Zeintzuk diren ezagutza-giltzarriak eta zeintzuk ezagutza-apaingarriak garbi bereiztuz egin dezagun programazioa eta ebaluatu dezagun"
Era horretako gogoetak tartekatuz (plater gustagarri batean usain-belar zipriztinak bailiran), joan da aletzen sekuentzia didaktikoaren faseetan egin behar den ebaluazio lana.

Azaldu, transmititu, animatu eta konbentzitu nahi gaitu Quinquerek. Hain garbi ikusten du irakastea zer den, non ez baita konformatzen ideiak botatzearekin. Ideia horiek gureak egin ditzagun nahi du. Eta horretarako eskaini dizkigu tresnak, materialak eta ereduak. Baina ez nolanahiko materialak eta ereduak, ikasgelako jardunean diseinatuta eta ikasgelan jorratutakoak baizik.

Azalpenaren bukaeran, kezkez eta zailtasunez hitz egiteko aukera izan dugu eta argigarriak eta pizgarriak izan dira Dolors Quinqueren ekarpenak. Maistra bat da, zalantzarik gabe.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina