emakumea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
emakumea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017(e)ko martxoaren 8(a)

Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna


Martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu zabalean. Ospakizun horrek beharrezkoa izaten jarraitzen du, arreta jarri beharra baitago egun ere emakumeek, egunero eta bizitza osoan zehar, jasaten dituzten desoreken inguruan, zergatik eta emakumeak direlako.

Beharrezkoa ospakizun bat, orobat, denok sentsibilizatu gaitezen desberdintasun horrek urratzen dituen eskubideen inguruan, ezkutatzen duenaren inguruan, eta, batez ere, denok eraldaketari bidea eman diezaiogun gizonok eta emakumeok aukera, eskubide eta betekizun berak izan ditzagun.

Hemen, Emakundek egindako materiala





2017(e)ko urtarrilaren 19(a)

Sexualitatea eta afektibitatea ezgaitasun intelektuala duten pertsonengan

Donostiako Berritzegunean ikastaro honen lehenengo saioari hasera eman diogu aste honetan. Hizlaria, EHUko Psikologia Fakultateko irakaslea den JAVIER GOMEZ-ZAPIAINekin.
Bigarren saioa urtarrilaren 26an izango dugu

ZER DA SEXUALITATEA? Gure izatea bera da, bere osotasunean.
MERLEAU-PONTY 1975

Sozialki, Hezkuntza eta Osasun esparruak hartzen baditugu, Sexualitatearekiko hurbilketa, gaur gaurkoz oraindik ere, BELDURRAren bidez egiten da. 

Garapen psikosexualaren eredu biografiko batetik abiatuta OSASUN alorretik nola esku-hartu jakiteko proposamenak jaso ditugu.

Informazioa osatzeko:

UHIN BARE http://www.sc.ehu.es/ptwgozaj/ubberri/

SEXU MUXU http://www.uhinbare.com/index.php/eu/

2015(e)ko martxoaren 5(a)

Egun bakar bat urte osoan?

Ilobaren galderari erantzun nion:
-Bai, maitea, emakumearen eguna delako.
Eta berak:
-Egun bakar bat urte osoan?

Nebari emakumearen eguneko kantua kantatu nion:
-"Zutik emakumeak / hautsi gure kateak / Zutik zutik zutik"
Eta berak:
-Baina zuk ez dituzu kateak jarrita!

-Zatoz nirekin martxoak 8-ko manifara- Esan nion lagunari.
-Ni ez naiz joango -erantzun zidan- manifestazio horretako erdiak baino berdintasun handiagoz jokatzen dut egunero.

Berdintasun ezaren maila asko daude, jakina. Batzuetan, matxismoa nabarmen azaltzen da guztion begien aurrean, emakumeen aurkako biolentzian esate baterako, edo -hain egoera latzetara joan gabe- etxeko lanetan edo familiaren zaintzan, emakumeak zama guztia jasaten duenean. Bestetan, parekotasuna betetzen ez den kasuetan, erraz identifikatzen ditugu eredu desegokiak, baina badira hain identifikagarri ez diren joera asko. Emakundek berak ere gogorarazi dizkigu "alertarako seinaleak": krisi ekonomikoak emakumeengan izan duen eragina; gazte harremanetan indarra hartuz doazen kontrol jarrerak; Abortuaren Legea aldatzeko mugimenduak; berdintasunean aurrera joan ahala gizarteko hainbat sektoretan azaltzen diren erreakzioak, emakumeen aurkako indarkeria "hutsalkeriaz" tratatzeko jokabideak…neskatilen sexualizazio gero eta handiagoa eta goiztiarragoa publizitatean eta komunikabideetan.

Egoerak era askotakoak dira. Eta horren kontzientea gara. Baina kateak esku muturretan bistan ez ditugunok ere, ondokoen eskumuturretako kateek lotzen gaituzte.
"bat iñon loturik deino
ez gara libre izango"
Eta ez bakarrik andrazkoak, baita gizonezkoak ere. Besteek pairatzen dutena, geu ere ukitzen gaituelako ezinbestean.

Izan ere, kateak ez dituzte jartzen soilik gizonezkoek, baizik eta eredu patriarkalean eroso sentitzen diren guztiek, izan gizon, izan emakume! Horregatik hezkuntzan bereziki ahalegindu behar gara askorentzat ikusezina den hori agerian jartzen. Sentsibilitate fina garatu behar dugu irakasleok: hasi salagarriak diren egoerak ikasleen bistara ekartzen, segi eredu berdinzaleak garatzen, eta buka hizkuntzaren erabileran ezkutatuta gelditzen diren sexismo eta androzentrismoaren moldeak aldatzen. Horretarako, eskoletan erabili daitezkeen hainbat baliabide aurkeztu ziren gure blogean otsailean, eta gaur, orientasare wikian irakasleen artean partekatuz egin duten bilduma interesgarri hau ekartzen dizuegu.

Eta hor segituko dugu, tarra-tarra, badakigulako besteek baino urrats gehiago eman duenak ere ez duela lana amaitu.
"bat iñon loturik deino
ez gara libre izango.
Batek gose diraueino
ez gara gu asetuko"

2014(e)ko martxoaren 7(a)

Hezkidetzaren bidea margotzen...

                                         

               


Aste honetan, larunbatean hain zuzen ere, martxoaren 8ko eguna ospatu edo aldarrikatuko dugu. Gure eskoletan, gure geletan, gure Elkarbizitza-Hezkidetza batzordean egun horri begira gaude. Hori dela eta aproposa iruditu zait aurten jaio berri den "Hezkidetza Mintegiaren" berri  ematea. 

        Dakizuenez 2013-2014 ikasturte hasiera Hezkuntza Sailatik "Hezkuntza-Sisteman hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko gida plana" aurkeztu zen. Aurkezpenaren ostean,  hain zuzen 2013ko azaroaren 5eko ebazpenean, Hezkuntzako sailburuordearena, zeinaren bidez Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoei, hezkidetzari eta genero‐indarkeriaren prebentzioari heltzeko jarduketa‐proiektuak egiteko 2013‐2014, 2014‐2015 eta 2015‐2016 ikasturteetarako dei egin zitzaien. 

       Deialdiaren ostean, eta era zabal batean, Erkidegoko Berritzegune guztietan Hezkidetza Mintegietako "ateak" zabaldu genituen. Donostiako Berritzegunean ere. Esan beharra dago Donostiako Berritzeguneak, Ordizia eta Lasarteko Berritzeguneekin batera lan egiten ari garela Mintegi bakar bat osatuz. Egun ia 40 lagun (gizon zein emakume tartean) jantzi ditugu Betaurreko Moreak.  Hezkidetza plana eta haren zirriborroa garatzea, materialak partekatzea eta  beste hainbat gauzaz gain, hilean behineko azteazkena egun more bilakatu zaigu. Hiru ordutan, denok ikasten dugu, gure kezkak eta lorpenak konpartituz. 

     Ziur gaude, gaur Donostialdeko hainbat eskoletan Martxoaren 8ko eguna ospatzen ariko zaretela, New York-eko "Triangle" fabrika ekarriko duzue gogora; Marie Curieren bizitza eta lorpenak landuko dituzue; Maialen Lujanbio, Mailen Chourraut, Hedi Lamarr,  Edurne Pasaban, Toti Martinez de Lezea... bezalako izenak oiartzuna egingo dute gaur hormetan.

   Egun guztiak Martxoak 8a izan beharko luketelako, gure eskoletan berdintasuna magotzen ari garelako, eta hortan jarraitzeko asmoa dugulako... Jarrai dezagun lanean!

Jantzi ditzagun betaurreko moreak!
(Oharra: Erakutsiozue janzten oraindik soinean ez dituztenei!)