AZKEN SARRERAK

2015(e)ko martxoaren 5(a)

Egun bakar bat urte osoan?

Ilobaren galderari erantzun nion:
-Bai, maitea, emakumearen eguna delako.
Eta berak:
-Egun bakar bat urte osoan?

Nebari emakumearen eguneko kantua kantatu nion:
-"Zutik emakumeak / hautsi gure kateak / Zutik zutik zutik"
Eta berak:
-Baina zuk ez dituzu kateak jarrita!

-Zatoz nirekin martxoak 8-ko manifara- Esan nion lagunari.
-Ni ez naiz joango -erantzun zidan- manifestazio horretako erdiak baino berdintasun handiagoz jokatzen dut egunero.

Berdintasun ezaren maila asko daude, jakina. Batzuetan, matxismoa nabarmen azaltzen da guztion begien aurrean, emakumeen aurkako biolentzian esate baterako, edo -hain egoera latzetara joan gabe- etxeko lanetan edo familiaren zaintzan, emakumeak zama guztia jasaten duenean. Bestetan, parekotasuna betetzen ez den kasuetan, erraz identifikatzen ditugu eredu desegokiak, baina badira hain identifikagarri ez diren joera asko. Emakundek berak ere gogorarazi dizkigu "alertarako seinaleak": krisi ekonomikoak emakumeengan izan duen eragina; gazte harremanetan indarra hartuz doazen kontrol jarrerak; Abortuaren Legea aldatzeko mugimenduak; berdintasunean aurrera joan ahala gizarteko hainbat sektoretan azaltzen diren erreakzioak, emakumeen aurkako indarkeria "hutsalkeriaz" tratatzeko jokabideak…neskatilen sexualizazio gero eta handiagoa eta goiztiarragoa publizitatean eta komunikabideetan.

Egoerak era askotakoak dira. Eta horren kontzientea gara. Baina kateak esku muturretan bistan ez ditugunok ere, ondokoen eskumuturretako kateek lotzen gaituzte.
"bat iñon loturik deino
ez gara libre izango"
Eta ez bakarrik andrazkoak, baita gizonezkoak ere. Besteek pairatzen dutena, geu ere ukitzen gaituelako ezinbestean.

Izan ere, kateak ez dituzte jartzen soilik gizonezkoek, baizik eta eredu patriarkalean eroso sentitzen diren guztiek, izan gizon, izan emakume! Horregatik hezkuntzan bereziki ahalegindu behar gara askorentzat ikusezina den hori agerian jartzen. Sentsibilitate fina garatu behar dugu irakasleok: hasi salagarriak diren egoerak ikasleen bistara ekartzen, segi eredu berdinzaleak garatzen, eta buka hizkuntzaren erabileran ezkutatuta gelditzen diren sexismo eta androzentrismoaren moldeak aldatzen. Horretarako, eskoletan erabili daitezkeen hainbat baliabide aurkeztu ziren gure blogean otsailean, eta gaur, orientasare wikian irakasleen artean partekatuz egin duten bilduma interesgarri hau ekartzen dizuegu.

Eta hor segituko dugu, tarra-tarra, badakigulako besteek baino urrats gehiago eman duenak ere ez duela lana amaitu.
"bat iñon loturik deino
ez gara libre izango.
Batek gose diraueino
ez gara gu asetuko"

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina