2016(e)ko abenduaren 7(a)

Euskararen Nazioarteko Eguna berritzegunean

“Zer egin dezaket nik euskararen alde?  zioen aurtengo leloak, instituzio eta eragileek elkarlanean prestatutako  agiriaren goiburuak eta Donostiako Berritzeguneak bat egin du bertan agertzen den asmoarekin, gure aletxoa jarri nahian, sinetsirik askoren aletxoak batuta pila handia egiten dutela. Asmo horrekin ospatu dugu Euskararen Nazioarteko Eguna aurten ere.


Ekitaldiari hasiera eman diogu giro onean, kantuan, tartean joan berri zaigun Imanol Urbieta musikari eta pedagogo handiaren “Behin betiko” abestuz. Eta gure ereserkiak dioen moduan, “Har ditzagun eskuan… ildo ta programak… berrikuntzaz janzteko… BGko zelaia”ri helduz, gure baitako asmoak idatzi ditugu haizeak eragingo dien haize kolorez beteriko errotatxoetan, aire-aire euskarari! 
 
Elkarri laguntzeko joera dugunez, jarraian euskal kulturarekiko gure jakintza astindu dugu “Elkarri lagunduz” jokoaren bidez, era guztietako galderentzako erantzunak, baliabide digitalak erabiliz,  taldean bilatu nahian. Zerbait gehiago ikasi dugu gure idazle, margolari, plaza, eskultura, eraikuntza, bertso, esamolde, hizkuntza baliabideez…  Eta ohartu zenbat gehiago daukagun ikasteko gure kultura ez ezik, gure hizkuntzan ere hobeto bizitzeko urtean 365 egunetan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina