2016(e)ko azaroaren 21(a)

Golden 5: Gure ikasleek distira egin dezaten

"Zure umeak distira egin dezan" izenburuarekin argitaratu zuen Argiak 2014ko uztailean artikulu zabala eta ondo ekarria Golden 5 programari buruz. Hik Hasi aldizkariak ere sakon jardun zuen gaiaz 2015eko martxoan. Eta handik gutxira, Convives-ek ekarri zuen argitara programa eta programaren inguruko hainbat informazio.

ARTIKULUAK PDF FORMATUAN

Euskal Herrian argitaratu ziren bietan aipatzen zen 40 inguru ikastetxeek hartu zutela parte Golden 5 programaren hasierako urtean, eta 86 hurrengoan. Une honetan, 2016-17 ikasturtean, 120 ikastetxe baino gehiago dabiltza Gipuzkoako berritzeguneek antolatzen ditugun mintegi eta lurraldeko saioetan. Sekulako arrakasta.

Baina arrakasta ez da zenbat ikastetxe ari diren programa bat aplikatzen. Arrakasta da Gipuzkoako hainbat eskoletako ehunka irakasle, egunero, ikasgelara sartzen direla euren ikasleek distira egin dezaten helburuarekin. Zertan oinarritzen dute beren asmoa? Nola lortzen da hori?

Golden 5 bi teoria nagusitan oinarritzen da: batetik, espektatiben teorian eta, bestetik, atribuzioen teorian. Espektatiben teoria, Pigmalion efektua ere deitzen zaiona, 1978an Roseenthal-ek garatutako teoria da. Haren esanetan, irakasle batek ikasle batenganako espektatiba altuak baditu, ikasle horrek emaitza hobeak lortuko ditu. Teoria horren funtsean dagoen oinarria “pentsatzen duguna ikusten dugula” da. Heiderren atribuzioen teoria ere aspalditxokoa da, 1958koa hain zuzen, eta hainbat esparrutan erabili bada ere, ez du hezkuntzan aplikazio handirik izan. Labur esanda, atribuzioak partekatzen ditugunean gure arteko harremana estutzen denez, askotan egiten dugu konturatu gabe. Irakasleen artean ere berdin gertatzen da eta batek besteari ikaslearen inguruan atribuzio negatiboa egiten badio, besteak inkontzienteki indartzeko joera izango du, beraz, espektatiba negatiboak zabalduko dira. Aldiz, ikaslearen gaineko atribuzio positiboak partekatzen badira, ikasle horren alderdi positiboak hartuko du indarra eta ikaslea bera loratzen joango da.

Ondorengo bideoan azaltzen du espektatiba eta atribuzioen gaia Maria Jose Lerak, Golden 5 programaren egileetako bat


Ikaslea begirada positiboan jartzea eskatzen dio Golden 5ek irakasleari, baina, proiektua martxan jartzeko, horrekin ez da nahikoa. Programa egituratu, sistematizatu eta estrategia zehatzak markatu behar dira, irakasleek eguneroko jardunean aldaketak txertatuz joan daitezen. Horregatik, Golden 5 programa bost eremu nagusik osatzen dute. Funtsean dagoen ideia zera da: arlo horietako bakoitzean arreta jarriz, irakaslearen jardun osoa hobetuko da. Eta ondorioz, ikasle guztien eskola arrakasta nabarmen handituko da. Aurkezpen honetan azaltzen dira gakoak:


Asko luzatuko ginateke Golden 5ek eskoletako harremanetan eragiteko duen ahalmena azaldu nahi bagenu blog sarrera batean. Batetik, planteamendu oso garatua eta zehaztua duelako eta, bestetik, eten gabe garatzen ari delako, bai irakasleen praktikak programari egiten dizkion ekarpenekin, baita egileak egiten ari diren sakontzeko lanari esker ere. Sakontze lan horren emaitza, Maria Jose Lerak idatzi duen eta laster argitaratuko den liburua, programa bera eta jasotako esperientziak azaltzeaz gain, gizakia ulertzeko teorien ikuspuntu landua eta oso baliagarria ematen duena. Gure ikasleek guztiek distira egin dezaten eta, ondorioz, irakasleen bikaintasuna eta gizartearen harmonia handiago izan dadin.

  GEHIAGO JAKITEKO
- Golden 5 erakundearen webgunea
- Donostiako Golden 5aren moodlea

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina