Amelia Barquin izan dugu gurekin Donostiako Berritzegunean, “Kulturartekotasuna eta hizkuntzak indartzea” ikastaroaren barruan. Gaia, Kulturartekotasuna ikastetxean: indarguneak, dilemak eta erronkak.
Ertz askotako gaia da eta -hizkuntzaren ikuspegitik garatzeko ekarri badugu ere- aukera izan dugu elkarbizitzaz, errespetuaz, eskolaren zereginaz, kontsumismoaz, pobreziaz, identitateaz, generoaz... eta beste hainbat gaiez jarduteko. Gai mardulak denak, Barquinek berak dioen moduan, “temazoak”.
Leun mintzatzen da Amelia Barquin. Batzuetan xuxurlatu besterik ez, esaten duena barru barrutik aterako balitzaio bezala. Eta emeki azaldu dizkigu hausnarketa sakon batean sortutako galderak eta gogoetak, gure artean presente eginaz ikastetxeetan ditugun ikasle “diferente” guztiak, ikasle guztiak baitira diferente. Saiora ekarritako "besteek" izena dute: Rachid, Aixa, Samira... Izena dute Amelia Barquinen bizitzan ere izena dutelako. Eta horrek egiten ditu benetakoagoak entzun dizkiogun hauek bezalako pentsamenduak:
"Etorkinak dauzkaten eskolak eta gelak hobeak dira besteak baino?"
"Etorkinen seme-alabarik gabeko eskolek ez dute ondo prestatzen bizitzeko."
"Noiz uzten diote etorkinen seme-alabek etorkinak izateari"
"Bere habia egiteko lastoaren bila dabilen neskarekin... erantzukizuna daukagu"
Zer pentsatu ematen dute entzundakoak, baina ez da entzunaldia eta barruko gogoeta soilik izan, geuk ere aukera izan dugu eskoletan ditugun esperientziak azaltzeko eta ditugun kezkak partekatzeko, une askotan elkarrizketa bilakatu den ikastaro saioan.
Lau orduko emanaldia motza egin zaigu eta gehiago sakontzeko gogoz geratu gara, munduan dugun erronka handienetakoa baita etorkinen eta migrazioen gaia eta, era berean, aukera paregabea barruan ditugun aurreiritzi inkontzienteekin lan egiteko.
Ondorengo bideoan ikus dezakezue azalpenaren zati bat, saioaren tonua nola izan den ikusteko aukera ematen duena.
Amelia Barquinek idatzitako artikuluak eta kulturartekotasunaren gaian egindako ekarpenak ezagutzeko, interesgarriak dira ondorengo helbideak:
Kinka (bere bloga)
Amelia Barquin irakaslea
Argitalpenak
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina