‘Indarkeria
kontsumitzen dugu?’ txostenak nabarmendu du zein barneratuta dauden horrelako
jarrerak, eta zein ondorio larriak dituzten, etxeko eta estetika-produktuen
kontsumoan eta hirien planifikazioan
Publizitateak proposatzen duen emakume eredua eta
egiazko emakumeak
|
«Kontsumo arruntean
indarkeria matxistak naturalizatuta eta barneratuta daude». Hori da SETEM Hego
Haizea gobernuz kanpoko erakundearen zuzendaritzapean hainbat erakunde eta
talderen artean burutu den lan baten ondorio nagusia; «normaltzat jotzen dira
gure gizartean eta, horren ondorioz, zailagoa da indarkeria matxistak ikustea».
Hain zuzen ere, alarmak biolentzia episodioek ondorio berbideraezinak
dituztenean pizten badira ere, gero eta garrantzi handiagoa ematen zaie nahi
bada intentsitate txikiagokotzat jo daitezken indarkeria matxistei, ohituraren
poderioz maiz ikusezin izan arren ondorio oso larriak dituztelakoan.
«Indarkeria
matxisten eta kontsumo arruntaren» artean dauden loturak aztertzeko abian jarri
zen lanak hiru alor aztertu ditu: etxea (elikagaiak eta etxeko produktuak),
esparru pertsonala (kosmetika produktuak, arropa, tratamenduak...) eta esparru
publikoa (herri eta hirietako mugikortasuna eta diseinua). Hiru alor horietan
ikusi denez, indarkeria matxistak fenomeno hedatua dira «eta ondorio larriak
dituzte gizabanakoen bizitzarako; bereziki eta nagusiki, emakumeentzat». Hiru
mailatan antzeman dute biolentzia mota hori. Izan daiteke zuzenekoa, norbaitek
nahita eta nabarmenki beste norbaiti kalte fisikoak eta psikologikoak eragiten
dizkionean. Egiturazkoa, berriz, «gizartearen egituraren ondoriozko
bidegabekerian eta desberdinkerian islatzen da». Azkenik aipatu dute askotan
biolentziarekin identifikatzen zailena den indarkeria sinbolikoa; hau da,
«adierazpen kulturalen eta lengoaiaren bitartez emakumeen menpekotasuna
mantentzen duten sinboloen multzoa».
Lan gutxietsia
Etxeko esparruari
dagokionez, azterlanak ondorioztatzen du «bizi garen sistemak, emakumea
erosketen eta etxeko arduradun gisa erakusten duen publizitate-sistema batek
bultzatuta, generoen rolak eta lanaren banaketa sexuala betikotzen» dituela.
Inkestatutako emakumeen % 64,4k adierazi dute bakarrik arduratzen direla etxeko
lanez (garbiketa, janarien prestaketa). Gizonen % 28,5 daude soilik egoera
horretan. Gainera, lanaldi hirukoitzaren eta dena egitera behartzen dituen
presioaren ondorioz (lana, etxea eta familia) emakumeek estres, neke eta ongiez
maila altuagoak dituzte.Gizartean ez da aintzatesten familiaren inguruko
betebeharrez arduratzea (emakumeen % 27,9 daude frustratuta horregatik).
Emakumeen % 55,2k adierazten dute etxeko beste kideez gehiago arduratzen direla
beren buruaz baino.
Emakumeen % 55,2k adierazten dute etxeko beste kideez
gehiago arduratzen direla beren buruaz bainoku
Esparru pertsonala
erreferentzia gisa hartuz, diote azpimarratzekoa dela «nork bere gorputza ez
onartzearen eta gizartean estandarizatuta dagoen eredu estetikoak inposatzen
duen feminitate-eredu bat ez lortzearen ondorioz jasaten den indarkeria psikologikoa».
Bada, estetikoki erakargarria izateko presioak segurtasun falta eta autoestimu
baxua eragiten ditu, eta horrek elikadura-nahasmenduak izatea ekar dezake, hala
nola anorexia, bulimia, etab.
Gauzak horrela, 10
emakumetik batek adierazi du elikadura-nahasmenduren bat edo arazo
gastrointestinalak izan dituela dieten ondorioz. Gainera, «nabarmentzekoak dira
arropa kaltegarriak (takoiak, arropa estua, etab.) erabiltzearen ondoriozko
arazo fisikoak eta kirurgia estetikoaren eta bestelako tratamendu estetiko
batzuen eraginak. Are gehiago, emakumeen erdiak jasan du nolabaiteko indarkeria
fisikoa, eta gizonen laurden batek jasan du gauza bera». Azterlanak
ondorioztatzen duenez, produktu estetikoak norbere buruarekin hobeto eta
seguruago sentitzeko baliabidetzat jotzen dira, baita segurtasun handiagoa
izateko eta lan hobea edo bikotekidea aurkitzeko tresnatzat ere.
Emaitzen arabera,
emakumeen % 42k jasaten dute alor horri lotutako indarkeria psikologikoa,
handiagoa edo txikiagoa. Dena den, emakumeen eta gizonen arteko aldeak
nabarmenak dira: gizonen arteko % 72,4k ez du nabaritzen estetikarekin
erlazionatutako indarkeria psikologikorik, baina emakumeen artean ehuneko hori
% 58,1eraino jaisten da. Arazo hori handiagoa da emakume gazteenen artean: %
28k maila ertaina/handia jasaten dute, 36 eta 50 urte artekoen % 20,5ek eta
adin horretatik aurrerakoen % 14,7k.
Lanera joateko pentsatua
Aztertutako azken
arloa esparru publikoa izan da, hiriak eta hirietako mugikortasuna analizatuz.
Bestela esanda, mugikortasuna, hiriaren osaketa bezala, lanari lotutako
lekualdaketa beharrei erantzuteko diseinatu da, ez familiaz eta zaintzaz
arduratzeko. Gainera, diote, doako elkarguneak murriztuz doaz, eremu horiek
pribatizatu ahala, tabernetako eta jatetxeetako terrazak kasu. Egoera horrek
«sozializatzeko eta elkartzeko uneez gozatzeko aukera murrizten du
emakumeentzat, baita erosahalmen txikiagoa duten kolektiboentzat ere
(esaterako, adineko pertsonak, gazteak, etab.)”.
Emakumeen % 66,4k arriskua nabaritu dute bakarka, gauez
eta kalean ibiltzean, eta % 59,4k benetako beldurra sentitu dute
Herri eta hirien
urbanismoaren beste alderdi bat da emakumeek aisialdirako eta jarduera
pertsonaletarako denbora laburragoa izateak, denbora luzeagoa behar baitute
lekualdaketetarako, % 39,1 oinez ibiltzen baitira (emakumeen % 33,7k erabiltzen
dute autoa lekualdatzeko, eta gizonen % 60,2k). Gainera, segurtasun faltak
kalteberatasun-sentsazioa eta erasoak jasateko beldurra eragin ditzake, eta
benetan jasan ditzakete ahozko erasoak, eraso fisikoak eta sexualak. % 66,4k
arriskua nabaritu dute bakarka, gauez eta kalean ibiltzean, eta % 59,4k
benetako beldurra sentitu dute.
Are gehiago,
emakumeen heren bati gauzak esanez eraso egin diete eta beren
lekualdaketa-ohiturak aldatu dituzte kalean erasoak jasateko beldurragatik.
«Indarkeria-arriskuari aurre egiteko beren jokabidea aldatuz, banakako
estrategiak bilatzea erabakitzen dute, erakundeei erantzukizunak eskatu
beharrean. Alegia, indarkeriaren arazoa gero eta gehiago nabarmentzen eta
salatzen den arren, modu pribatuan egiten zaio aurre, eta gizarteko
babesgabetasuna ikusita, emakumeek beren kabuz bilatzen dituzte egiturazkoa eta
sistemikoa den arazo baterako konponbideak», dio azterlanak.
Beste kontsumo mota baterako gida
SETEMek zuzendu
duen proiektuan indarkerien eta kontsumoaren arloko erakunde adituek ere parte
hartu zuten, prozesuan aholkularitza emanez, hala nola Mugarik Gabek eta
Altekio Iniciativas hacia la Sostenibilidad erakundeak, Kolonbiako beste bi
erakunderekin batera. Gainera, Oreka Sareak proiektua dinamizatu du, prozesu
parte-hartzaileetan esperientzia duelako.
Azterlana «ezagutza
sortzeko eta ikasteko prozesu kolektibo baten bitartez prestatu da, eta bertan,
kontsumo arduratsuaren arloan lan egiten duten erakundeen eta erakunde
feministen parte-hartzea sustatu da». Aipatutako datu eta gogoetez gain,
prozesu horren emaitza izan da 'Indarkeria kontsumitzen dugu?' indarkeria
matxistarik gabeko kontsumoa lortzeko hausnarketa-gida. Gida horrek,
galdera-erantzun batzuen bitartez, «berdintasuna sortzen duten eta egungo
antolamendu sozioekonomikoa sakonean aldatzea xede duten kontsumo aukerak
sortzeko giltza batzuk eskaintzen ditu» eta hemen eskura daiteke, PDF formatuan
eta gaztelaniaz.
¿Consumimos violencia?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina