2015(e)ko otsailaren 24(a)

Jakintza Ikastolan, lankidetza hobetzen jolasen bidez

Jakintza ikastolan, modu berrian hasi zuten ikasturtea irailean. Jarduera ez-akademiko baina hezitzaileekin jarri zuten martxan 2014-15a.

Azken urte hauetan ikasleen artean geroz eta elkar ulertzeko zailtasun handiagoak eta -gizartean ere gertatzen den bezala- jarrera indibidualista gehiago antzematen dira. Horren aurrean, erantzuna eman beharra sentitzen dute aspalditxo eta horretan dabiltza. Baina, aurten, ikasturte hasierak duen indar sinboliko eta erreala baliatuz, estutxeak ireki eta liburuak zabaldu aurretik, jolasean hasiko zirela erabaki zuten Jakintzan. Elkar hobeto ezagutzeko eta harremanak hobetzeko dinamikak eta jolasak izango ziren ikasleen ikasturte hasierako lanak.


Aurreko ikasturteko bukaera aldean sortu zen ideia. Ikasle taldeen kohesioa hobetzeko, ordura artekoa baino gehiago egin behar zutela pentsatzen zuten irakasleek; Laguntza Departamenduak Paco Cascon-en “Educar en y para el conflicto” ikastaroan jasotako materialekin prestakuntza saio bat eman zuen; eta taldean erabaki zuten irailean praktikan jarriko zutela ikasgeletan. Prozesua horrela izan zen:
  1. 2013-14ko ekainean bi egun hartu ziren, irakasleek "Bakerako hezkuntzako jolas eta dinamika" batzuk ezagutzeko eta praktikatzeko.
  2. Iraileko beste bi egunetan irakasleek dinamika gehiago ikasi eta gelan erabiliko zituztenak aukeratu zituzten. Bi egun eman zioten prestakuntza horri.
  3. Ikasleak eskolan hasi zirenean, Haur eta Lehen Hezkuntza osoan dinamika horiek lantzen pasa zuten lehenengo astea: nork bere burua aurkezteko jolasak; elkar ezagutzekoak; norbera eta taldea sendotzekoak; elkarrengan konfiantza lortzekoak; elkarrekin komunikatzekoak; lankidetzan aritzekoak; gatazkak konpontzen ikastekoak; eta lasaitzekoak.
  4. Ondorengo hilabeteetan jarraitu dute dinamikak jorratzen hainbat tutoretza saioetan eta, prozesuan sakontzeko, irakasleek eta familiek ikastaroa egingo dute martxoan Paco Cascon irakaslearekin.
Interesgarria iruditzen zaigu ekimena, emozio eta harremanen alderdia funtsezkoa baita haurraren heziketan, eta Berritzegunetik animatzen ditugu esperientziarekin jarraitzera eta sakontzera.

Gehiago jakiteko, esperientziaren fitxa ikusi

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina