2012(e)ko azaroaren 4(a)

BADU, BADA. Mundu eleanitza euskararen begietatik

Azaroak 16 eta otsailak 17 bitartean San Telmo Museoan ikusgai izango dugu “Badu, bada” erakusketa.

“BADU, BADA. Mundu eleanitza euskararen begietatik” erakusketak euskararen jatorria, biziraupena, beste hizkuntzekiko elkarbizitza, egungo egoera eta etorkizuneko erronkak jorratzen ditu, besteak beste.

Bisita dinamizatuen bitartez, hizkuntzari eta haren erabilerari buruzko hausnarketa planteatu eta bereziki dimentsio sozialari erreparatuko zaio. Jarduera didaktikoak erakusketa iraunkorrean eta aldi bateko erakusketan zehar burutuko dira.

Lehen Hezkuntzakoekin batik bat hizkuntzaren adierazkortasuna landuko da, haurrei ezaguna egiten zaien eguneroko hizkuntzaren bitartez: musikaltasuna, onomatopeiak, espresioak, hitzak, esamoldeak, haur hizkera… Alde soziolinguistikoari hurbiltasunetik –etxeko, eskolako, auzoko hizkuntza(k)… – helduko zaio.

Bigarren Hezkuntzakoekin, ordea, hizkuntzaren adierazkortasunari uko egin gabe ere (hitz jokoak, etimologiak, eratorritako hitzak…) gehienbat alderdi soziolinguistikoak hartuko dira kontutan, bereziki hizkuntzekiko elkarbizitza: eboluzioa, neologismoak, esamoldeak, elebitasun diglosikoa, eta abar.

Informazio gehiago:
943481570
santelmo@donostia.org
www.santelmomuseoa.com

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina