2017(e)ko ekainaren 13(a)

Binaka arrazoitzen: matematika baino gehiago

Datorren ikasturteko prestakuntza diseinatzen ari gara eta orain arte izan ditugun prozesuak aztertu ditugu, ea proposamen berriak egin behar diren edo lehengo prozesuetan zer aldatu behar dugun erabakitzeko. Hori horrela, 2016-17 ikasturtean hasitako Binaka arrazoitzen mintegiaren balorazio oso ona egin dugu eta interesgarria iruditu zaigu informazioa zabaltzea.

Tutorea eta tutoratua problemak ebazten elkarrekin - irudiaren jabea: ARA CRIATURES

Bartzelonako UAB-ko GRAI (Grup de Reserca sobre Aprenentatge entre Iguals) taldearen eskutik jaso genuen iaz "Binaka arrazoitzen" programaren berri. Marta Flores Coll irakaslea gonbidatu genuen eta zuzenean aurkeztu zigun. Ondoren, ikastetxe batzuk berdinen arteko tutoretzan eta matematika arloan sakontzera animatu ziren eta aurrera jo genuen.

2016-17 ikasturtean programa garatzen eta aplikatzen jardun dugu Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako hainbat irakasleekin batera eta bukaeran egindako balorazioetako batzuk ekarri ditugu hona:

Programa oso egituratuta dago. Dena bideratuta dago, horrek errazten du lana eta programaren martxa.
Problemak ebazteko beste modu erakargarri bat ikastetxean ezartzeko, ikasleek gustura hartzen dutena.
Oso interesgarria ikaskuntza kooperatiboan aurreratzeko.
Gogoeta sakona problemen ebazpenaren inguruan; planifikazioa gai bereizgarri gisara.
Problemen ebazpenean berrikuntza; interakzio egituratu eta planifikazioa indartzen du.
Matematika lantzeko era berri bat.

Horrekin batera, mintegia eraman dugun aholkulariok arazo-egoeren bidez irakasteko bidea ere badela ikusi dugu, gaitasun anitzak abiarazten dituelako, planteatzen dituen jarduerak erronka txiki batzuk direlako eta, gehienetan, ebazpena irekia dutelako. Era berean esan dezakegu, Matematikarako konpetentziaz gain, Konpetentzia sozial eta zibikoa garatzen duela eta, zehar-konpetentziak diren Ikasteko eta pentsatzeko konpetentzia, Ekimenerako konpetentzia eta Elkarbizitzarako konpetentzia ere. Eta ez alboko ondorio gisara, intentzionalitate betearekin baizik. Horretarako izan baita diseinatuta.

Laburbilduz, programa aberatsa da eta oso ondo garatu ditu bi osagai nagusiak:
1. berdinen arteko tutoretza egituratua
2. eta problemen ebazpena arrazoitua lantzeko aproposak diren materialak.

Berdinen arteko tutoretzaz luze aritzea ez da behar, urte asko daramatzagu-eta gure ikastetxeetan praktikan jartzen, baina interesgarriak dira oraingo bertsio honek ekartzen dizkigun berrikuntzak. Bigarren osagaiari dagokionean, berriz, lan handia egin dugu aurten: katalanez eta gaztelaniaz zeuden materialak euskarara itzuli, gure egoeretara egokitu eta jarduera berriak sortu. Eta lan horri esker, datorren ikasturteko mintegian parte hartuko duten ikastetxeek behar duten guztia hasieratik eskura izatea bermatu ahal izango dugu.

Informazio gehiago nahi duenarentzat, hara hemen:
  1. Cuadernos de pedagogia aldizkariak argitaratu artikulua:
    Razonar en pareja (Cuadernos de pedagogia)
  2. Razonar en pareja liburuaren laburpena:
    Razonar en pareja: resumen del libro
  3. Ikasleak binaka aritzeko interakzio pauta:
    Interakzio pauta
  4. Ebaluaziorako material batzuk:
    Bikotearen autoebaluazioa
    Irakaslearen behaketa erregistroa
    Errubrika berritua
  5. Ikasleek erabiltzeko jarduera orri bat adibide:
    LH_3Z_Jarduera4_Irteera egunean euria egiten badu
Beraz, Binaka arrazoitzen ezagutu eta praktikan jarri nahi baduzue, atsegin handiz hartuko zaituztegu 2017-18 ikasturtean egingo dugun mintegian.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina