2016(e)ko maiatzaren 18(a)

Jakintza Ikastola auzoko bizitza hobetzen

Proiektu ederra egin dute Jakintza Ikastolan eskola eta auzoaren arteko erlazioa sustatzeko. Jakintza Ikastola (ikasleak, irakasleak, langileak eta gurasoak), Tabakalerako hezkuntza taldea eta Antiguako auzokideen arteko elkarlanaren bidez garatu dute.

Tabakalerako kultur proiektuen prozesuan kokatzen da ekimena. Hezkuntza komunitate eta Elkarteekin programan, hain zuzen ere. Azken urteetan “Haurren Hiria” bezalako esperientziei esker, hirigintza, hiritarren parte hartzea, eskola eta hezkuntza kontzeptuak modu zabalago batean ulertzen dira eta espazio publikoa, hezkuntza proiektuak garatzeko testuinguru eta lanerako espazio bilakatu da, eraldaketa sozialerako aukerak eskainiz.

Jakintzako ikasleak beren gustuko txokoak planoan adierazten   cc-by-sa Tabakalera

Abiapuntua honako hau izan da:
Nolakoak dira gure eskolako eta inguruko espazio publikoak? Nola eraldatu eskola eta auzoaren arteko erlazioa? Helburua, hiria, hezkuntza eta praktika kolaboratiboak bultzatzea eskolako espazioetan eta auzoan.

Eta lehenengo deialdi honetan Jakintza Ikastolak aurkeztutako proiektua izan da aukeratua. Egitasmoa Erregezain eta Heriz kaleak lotzen dituen pasabidea biziberritzearen desiotik sortzen da. Toki berezia da, bai ikastolako ikasleek eta bai bizilagunek erabiltzen dutelako. Leku atseginagoa bihurtzeko helburuarekin, gustuko dituzten auzoko toki batzuk esploratzen aritu dira, pasabiderako proposamenak eta ideiak jasotzeko. Ondoren, eraldaketa denon artean diseinatu eta garatu dute kultur-trukerako espazio bat sortuz.

Horrekin guztiarekin, auzoa eta eskolaren arteko harremanak estutu nahi dituzte, eskola auzora ateraz eta auzoko txoko batzuk “eskola” bihurtuz. Ikastolatik auzora! Pasabide berriaren irekiera ekainaren 3an izango da, arratsaldeko 17:00etan

Jarraian,  ikus eta entzun dezakezue protagonistek beraiek kontatutakoa.


Jakintza Ikastola: Hiria, hezkuntza eta praktika kolaboratiboak from Tabakalera on Vimeo.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina