2014(e)ko abenduaren 22(a)

Igeldoko Eskola Txikia, familia handia!

Hau familia!

Lehengo astean zehar, Igeldoko eskola-familiak hiruhilekoan zehar landutako proiektuaren leihoak zabaldu ditu eta erakusgai jarri du ikastetxeko horma, korridore eta areto handian. Ezagutzera hurbildu den orok, gainera, gidaritza aparta izan du, ikasleak, alajaina!  
 
Afektuz apaindutako familia-kutxak

Zehazki “familia” gaia landu dute bere esanahi zabalenean, eta hartara, eskola-familia, munduko familiak, etxeko-familia, hizkuntza-familiak, testu-familiak, musika-familiak, zuhaitz-familiak eta beste izan dira ikusgai modu oso erakargarrian.





Denboraren lerro amaigabean non gaude?
Igeldoko eskolak proiektuka lan egiten du. Metodologia honek haurren interes eta ekarpenak gelako eta eskolako eduki bihurtzen ditu, eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak esanahia handia hartzen du haientzat. Ikasleak berak dira, beraz, ikas-edukien eragile. Gainera, modu honetan, elkar-elikatze jarraia nagusitzen da eta, jakina, arloen elkarjartzea ezinbesteko gertatzen da: ikaskuntzen globaltasuna ardatz bilakatzen da.



Era berean, proiektukako metodologiak aniztasunaren eta eskolakideen onarpena du oinarrian eta erakustaldiko harrera-guneko ongi-etorria horren lekuko da. Bertan, Eskola-Familia anitz bezain ederra topatzen duzu aurrez-aurre:  eskola kide bakoitzak bere aurpegia buru duen makiltxo luze bana du eta makilari ondo lotuta, nor bere etxeko kideen  jantziren bat: kamiseta, zapia, jertsea… Burudun makil horiek eskolako talde ezberdinetan kokatuta daude… Etxeko familia bizkarhezur, eskola-familia haragi, ote?


Aniztasuna lagun: denok partaide!


Gurasoen bilakaera denboran jostagarri!

Proiektua eskola komunitatera zabaltzen da, eta hartara, gurasoek ere, beren ekarpena egin diote familia proiektu erraldoiari. Horretarako, euren txikitako argazkiak eta  gaur egungoak biltzen dituen jolas birakari zein bikaina asmatu dute. Bejondeiela!





Bixitarako haur guztiak izan dira gidari txanda ezberdinetan. Horien irrikak, harrotasunak eta irrifarrak bidean ikasi eta barneratu dituztenen gainean hausnarrarazten du edonor. Gogoko lekuan aldaparik izaten ez delako eta gogoz ikasten direnak ahaztezin zaizkigulako,

ZORIONAK IGELDOKO FAMILIA!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina